ORIO - Astelehenetik igandera bitartean, Oteiza Astea ospatuko da Orion Karkara kultur taldearen eskutik. Egitasmo hau alde batetik taldea beraren 30. urteurrena ospatzeko egingo dituzten ekintza sortaren barnean kokatzen da, baina bestetik urriaren 21ean Oteiza beraren 110. urtebetetzea izanik, ‘Oteiza 110’ programa garatu dute Udalarekin elkarlanean. Horrela, hainbat kultur jarduera antolatu dituzte aste osorako.

Alde batetik, asteartean Oskar Alegria kazetari eta zinemagileak eta Bernardo Atxaga idazleak Oteizaren inguruko solasaldia eskainiko dute Arraunetxean, harekin partekatutako esperientziak gogora ekarriz. Bestetik, urriaren 20rako egun osoko irteera antolatu dute. Altzuzako Oteiza Museora joango dira eta ondoren Iruñan bazkalduko dute, Aldapa elkartean. Arratsaldez itzuliko dira Oriora eta bertan parte-hartu nahi duenak asteartea baino lehen eman beharko du izena (943 831 527 edo 688 857 305 telefono zenbakietara deituz edo karkara@karkara.com helbidera idatziz). Urriaren 21ean ikuskizun berezia eskainiko du MugMus taldeak Herriko Plazan: Esku Harriak: Oteizaren (h)aria izenekoa, dantzaz, bertsoz eta musikaz osatuta egongo da.

Karkara taldeak datorren ekainean beteko ditu 30 urte eta beraz ikasturte osoan zehar antolatuko dituzte ekimenak. Oteiza Asteari begira, herritarrei ekitaldi guztietan parte hartzeko deialdia egin nahi izan diete, “Orion jaio eta nazioarte mailan ezaguna den artista ezagutzeko aukera aproposa” izango delako, haien hitzetan. - N.O.