estratega eskuindarrik onenak ere ez luke amestuko gisako egoerarik ilbeltzaren bigarren asterako. Egia erran, gauzak bere osoan nola joan diren ikusirik, iduri du ederki pentsatua zutela dena Ahal Duguko transfugek eta Aranzadik. Lehenbizikoek lehen zartakoa eman zuten eguberri bezperetan, Legebiltzarrean, Aznarez kargugabetzeko asmoz, eta bigarrenek, bururaino eraman dute jokaldia Udalean, alkatea astintzeko asmoz. Hori bai, antzerki ederra eginda hainbat astez, udal aurrekontuak negoziatzen aritu izan balira bezala. Batzuen eta bertzeen arteko jarrerak hurbiltzen ari zirenean, Aranzadik bertzelako eskakizunak paratu zituen, eta azkenean, hordagoa bota zuen: dena nahi dugu, eta denok galdu dugu, haiek izan ezik, jakina, bazterrak zenbat eta okerrago horri hauteskundeetan etekinik aterako diotelakoan. Zenbat holako ez ote ditugun ikusi azken berrogei urtean. Protesta hitza darabilte aho mihitan. Ardurak eman zaizkienean, ordea, hutsaren hurrengoa erakutsi dute. Hamaika proiektu utziko dira bertan behera hirian, makina bat talderekin eta herritar aunitzekin adostutakoak. Horien artean, Labriteko bidegorriarena, eskuindarrek bere garaian egindako txandrioa konpontzeko, eta aldapa hori txirrindulaz lasai igo eta jaisteko. Eskura ere izan dute Alde Zaharreko hostela geldiarazteko aukera, eta hori ere galtzen utzi dute. Azken afera horretan, dena den, harritzekoa da Geroa Baiko Iruñeko taldeak Alde Zaharreko herritar askoren kezkari entzungor egin izana, hostelarena egiazko kezka baita; ez, beharbada, Txapitelaz haratago, baina bai gure karrika meharretan. Ea urteko hirugarren astetik aitzina, gauzak onbideratzen hasten diren, eta utz ditzagun aste beltzak literatur mundurako; konparazio batera, heldu den aste honetan genero beltza lantzeko Baztanen eginen den (H)ilbeltza ekimenerako.