lazkao - Martxoaren 10ean egingo da Donostian 30. Lilaton lasterketa. Jakina denez, emakumeei zuzendutako bost kilometroko proba da, emakumeak kirolera gerturatzea helburu duena. Dagoeneko emakumeak kirol praktikan hasteko erreferente bihurtu da Lilaton lasterketa, eta kirolean emakumearen presentzia sustatzea lortu du urte hauetan guztietan.

Lazkaoko Udalak ere bat egin nahi izan du helburu horrekin, eta hala, korrikan hasi berri diren edo hasteko dauden emakume lazkaotarrei zuzenduta egitasmo berri bat jarriko du martxan hilabete honetan: elkarrekin, taldean, korrikan hastea.

Beldurrak gainditu eta emakume lazkaotarrak taldean Lilaton lasterketan parte hartzera bideratu dute egitasmoa. Korrika egiteko ohitura duten eta bestalde, Lilatoian parte hartzeko asmoa duten emakumeei ere talde honetan parte hartzera animatzen zaie.

Bilkurak asteartero izango dira, arratsaldeko 18.00etan, Joxe Miel barandiaran kiroldegian elkartuta. Lehen saioa astearten izango da, urtarrilaren 22an. Hurrengoak, berriz, aipatu bezala, ondorengo astearteetan izango dira: urtarrilaren 29an, otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26, eta martxoaren 5ean. Ordubeteko saioak dira, 18.00tatik 19.00etara. Gainera, egitasmo honetan begirale batek ere parte hartuko du eta berak zehaztuko ditu urratsak, orientazioa eta aholkularitza emango die parte hartzaileei, eta jarduera bere gidaritzapean egingo da. Nola korrika egin, zenbat korrika egin, zein luzaketa egin? aholkatuko du begiraleak. - M.A.