lazkao - Agenda zabala izaten ari dira Lazkaoko Kantaka elkarteko kideak. Duela aste batzuk Ormaiztegin eskaini zuten Urmaiz eta Ezkio eta Itsasoko koralekin batera kon-tzertu goierritarra, non arrakasta handia lortu zuten beste behin. Urtarrilean jendartean jarriko duten emanaldi bakarra ez da izango, ordea. Izan ere, ostiral honetan Bilboko Koral elkartearekin batera eskainiko dute ikuskizuna, Areria aretoan. Hitzordua 20.15ean da, eta dagoeneko sarrerak salgai jarrita daude Udaletxean, 12 euroan.

Lazkaoko San Benito ikastolan sortu zuten Kantaka abesbatza, 2001. urtean. Garai hartako zuzendariak, Belen Maizak, eskolaz kanpoko ekintzen artean ikasleei aukera berri bat emateko asmo argi bat izan zuen eta hori abesbatza bat sortzea izan zen.

lazkaotik goierrira Sortu bezain laster, poliki-poliki, jendearengana hurbilduz joan zen taldea, eta beraz, hazitzen eta gorpuzten hasi zen. Gaur gaurkoz, talde misto bat da eta 30 abeslari inguruz osatuta dago. Hasiera batean herri izaera bazuen ere, egun ez da horrela, Goierriko hainbat herritako kidek gorpuzten dutelako abesbatza; hala nola, Lazkao, Ordizia, Beasain, Olaberria, Ormaiztegi, Gabiria, Segura eta Ataungo abeslariek. Jabier Alberdi da orain gidaritzapean dabilena, eta beti “oso gustura” mintzatzen da bere taldeaz eta egiten duten guztiaz. Hala, ostiraleko kontzertuak ere “maila aparta” izatea espero dute, eta nola ez, beste behin lazkaotarrak zein goierritarrak eskainiko den saioaz gozatzeko aukera izatea.

Elkarren ondoan izango dute musika eta korala garatzeko helburuarekin 1886an sortu zen Bilboko Koral Elkartea. Emanaldi arrakastatsuak egin ditu ordutik, eta prestigio handiko sariak irabazi ditu. Egun, Enrique Azurza da zuzendaria. Bere eskutik, Espainiar orkestra ia guztiekin batera egin dituzte emanaldiak, baina baita mundu mailako taldeekin ere, hala nola, Moskuko Sinfonika, Portugalgo Orkestra eta Budapesteko eta Berlingo Orkestra Sinfonikoekin.

Ostiralean eskutik jardungo dute, talde bakoitzak duen maila izugarria beste behin taularen gainean jarriz, eta saio gozagarri bat antolatuz.