erratzu - Berriki Erratzuko lixutegian egindako solasaldi batean, bertan bildutako herritarrek beraien elektrizitatea partekatutako instalazioen bidez sortzeko interesa erakutsi zuten. Etorkizunera begira, erregai fosilen erabilera gutitu eta atmosferarako kaltegarriak diren gasen isurketa murriztu, konpainia handien menpe egon gabe energia kontsumitu eta erabilitako energiaren fakturaren kostua murrizteko helburuz, herritar horiek lantaldean eta auzolanean oinarrituz, lege berri batek zabal ditzakeen bideak aztertu nahi dituzte.

Proiektua aitzinera atera dadin, lanak eta ardurak banatu dira. Dagoeneko hasiak dira plaka fotovoltaikoak jartzeko herriko toki erangikor eta onenen bila eta partaideen artean informazioa trukatzeko metodo egokien bila.

Lehenbiziko fase hau irekia denez, oraindik proiektuan parte hartzeko izena eman ez arren, informazioa izan nahi duten herritarrek Joxe Itoiz alkatearengana jotzeko aukera dute. Aitzinet begira, Baztango Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkartzeko asmoa dute, proiektua behar bezala azaldu, babesa eskatu eta egitasmoa garatzeko bete beharreko baldintzak zehaztu nahirik. - F.A.G.