ordizia - Hitzak josi eta doinua jarriz bertsoak entzutea gustoko afizioa da Goierrin. Eta beste behin ere, zehaztuta dago bertsolari gazteen XLVIII. Osinalde sariketaren lehen kanporaketa noiz izango den. Hautatutako data martxoaren 30a da, larunbata, eta Ordiziako Argi Berri Elkartean jokatuko da.

Txapelketan XXII. Argi Berri Saria izango da lehian eta sari hori irabazteko nahiz Gabiriako Osinalde Elkartean apirilaren 27an jokatuko den bertso finalerako txartelak eskuratzeko asmoarekin sei bertsolari arituko dira kantuan Ordizian. Honakoak izango dira parte-hartzaileak: Paule Loizaga (Sopela), Kerman Diaz (Urruña), Jokin Irastorza (Oiartzun), Eli Pagola (Hernani), Danel Olano (Getaria) eta Elixabet Etxandi (Izpura).

Ohiko moduan, bertso saioa afariaren ostean izango da eta hau 20.30ean hasiko da. 25 euroko kostua du eta norbaitek bertara joateko gogoa baldin badauka, telefono honetara deitu beharko du: 649 011 262 eta Aitorrengatik galdetu. Bertso saioa, berriz, 23.00ak aldera hasiko dela aurreikusten dute. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, afarian parte hartu gabe ere saioa entzutera joan nahi duenak aukera izango du inolako arazorik gabe.

Martxoaren amaieran jokatuko den kanporaketa honetaz gain beste bi froga ere antolatuta daude dagoeneko: Zaldibian apirilaren 6an jokatuko den Osin Berde saria eta Gabirian apirilaren 13rako antolatu den Aztiri saria. Kanporaketa hauetatik sailkatzen diren bertsolariak aurrez aurre ikusiko dira apirilaren 27an. - M.A.