Alegia - Auzo konposta bidez egindako konposta banatu du aste honetan lehen aldiz Alegiako Udalak erabiltzaileen artean. Urtean hamabi tona hondakin organiko botatzen dira eta lehen ekitaldian hamar zakukada banatu dira.
2017an eskaini zien Udalak herritarrei auzo konposta egiteko aukera. Informazioa banatu eta interesatuei formakuntza eman ostean jarri zen martxan ekimena Kalebeheran, Kalegoran eta Larraitz auzoan kokaturiko guneetan.
Asteartean egindako ekitaldian izan dira Unai Iraola alkatea eta Beñat Bergara ingurumen teknikaria. Bergarak azaldu duenez, 31 familia daude une honetan auzo konpostaren egitasmoan izena emanda eta urtean hamabi tona hondakin organiko botatzen dira. Konpostari egin beharreko azterketa guztiak egin zaizkio Salmonella edo Escherichia Coli bezalako bakteriarik ez duela ziurtatzeko eta kalitatezkoa dela bermatzeko.
Hamar herritar izan dira eta guztiek jaso dute beraien konposta Udalak horretarako prestaturiko zakuetan. Bide batez, gogorarazten da, herritarren batek Auzo konposta ekimenean parte hartu nahiko balu, udaletxera jotzea besterik ez duela argibideak jasotzeko. - M.S.S.