zumaia - Zumaiak santelmoetan, ohi bezela, arrantzale izandako bat omentzen du. Aurten, Jose Luis Arribas izan da zorteduna. Bera izatez oriotarra da baina, duela 20 urtetik Zumaian bizi da eta aitortu duenez, pozik jaso du bandera igotzeko eta jaisteko zeregina.

Igandean santelmoetako bandera igotzeko ohorea izan zenuen. Nola oroitzen duzu momentua?

-Polita izan zen egia esan. Jende asko bertaratu zen eta momentuaz gozatzeko aukera izan nuen, ez bainuen urduritasunik eduki.

Omendua izango zinelaren albistea gustura hartu zenuen?

-Egia esanda bai. Ez nuen espero aurten niri esango zidatenik , duela hiru urte hartu bainuen erretiroa. Baina, beno, halaxe izan da eta gustura nago. Zumaiako San Telmoak, festa politak iruditzen zaizkit baina, aitortu beharra daukat, bertakoak bezainbeste ez ditudala bizitzen.

Zumaiako herritarrek begi onez hartu al dute Orioko arrantzale bat goretsi izana?

-Bai, nik dakidala. Azken 20 urtetan Zumaian bizi izan naiz, bertako herritar bat gehiago sentitzen naiz.

Zure arrantzale ibilbidea, ordea, Orion hasi zenuen, ezta?

-Bai, hamalau urte nituela hasi nintzen itsasoan lanean. Aitak esan zidan ea arrantzale izan nahi nuen, eta lanbideaz ezer askorik jakin gabe baiezkoa eman nion. Bere lagun bat arrantzalea zen eta harekin hasi nintzen Orioko Tubal Berria itsasontzian. Gero, Getariako Matter baporean jarraitu nuen eta nire ibilbidea aipatutako azken herri honetako Berriz Irigoien on-tzian amaitu nuen. Guztira 30 urte inguru eman ditut arrantzale lanetan eta tartean, lehorrean ere jardun naiz igeltsero eta, baita elektrizista moduan ere.

Eta, zer duzu nahiago itsasoko lana edo lehorrekoa?

-Lehorrekoa. Lehorreko lanetan eguneko zortzi orduak bete eta etxera joaten zara. Arrantzale bazara, ordea, ez daukazu aukera hori. Aste osoa itsasoan pasa behar duzu askotan, lurrik ikusi ere egin gabe. Momentu batzuetan gainera, bi eta hiru aste bitartean pasa behar izaten dira. Marinel lana gogorra da oso. Gaur egungo egoerari erreparatu besterik ez dago. Inork ez du itsasora joan nahi, ondorioz gero eta ontzi gutxiago daude. Orion esaterako, hamabost itsasontzitik gora ziren eta egun, nekez izango dira sei. Beste horrenbeste Getaria, Mutriku eta Lekeitioko herrietan. Nire ustez, hemendik hamar urte barru desagertu egingo da arrantzale lanbidea.

Beraz, zure iritziz, arazo bat bilakatuko da inork itsasora joan nahi ez izatea?

-Bai, dudarik gabe eta pena bat da. Iritsiko da momentu hori eta orduan, ez dute jakingo nori egin omenaldia San Telmoetan.

Beno, orain momentuaz gozatzea tokatzen zaizu, zu baitzara bandera jaisteko ohorea izango duen lehen arrantzalea...

-Bai, hala da. Jaiei amaiera emateko datorren igandean, maiatzaren 5ean gauerdian banderaren jaitsiera ospatuko da eta bertan izango naiz ni. Aurreko urtera arte, Antxon Segurola, Zumaiako Justa tabernako jabea enkargatzen zen baina, 2018an taberna itxi zuen eta hemendik aurrera, iragarri dutenez, arrantzale ohi batek egingo ditu bi lanak, eta ni naiz lehenengo ohoreduna.

Hondartza bat. Ez naiz inoiz hondartzazalea izan, baina Zumaiako Santiago esango nuke.

Mendi bat. Izarraitz gustuko dut.

Herri bat. Orio eta Zumaia herriak politak dira.

Txoko bat. Zumaiako Telmo Deun arraun elkartea. Bertan, laguntzaile lanetan ibiltzen naiz erretiroa hartu nuenetik.

Festa bat. Orioko San Pedroak.

Jaki gustukoena. Asko ditut, kokotxak eta arkumea esaterako.

Paisaia bat. Zumaiako paisaia guztiak.

G

ipuzkoatzen