Anoeta - Zein motatako pilotak egiten dituzue?

-Gehien bat eskuzkoak egiten ditugu. Eskuzkoen barruan, askotarikoak daude; pilota gozoak, tokekoak, toke erdikoak... eta kategoria desberdinak ere bai, benjaminetatik hasi eta senior kategoria bitarte.

Asko aldatu al da pilotak egiteko modua azken urteotan?

-Dezente mantentzen da. Elementu naturalak dira pilota bat egiteko erabiltzen direnak eta horiek berdintsuak dira; beharbada, elementu horien tratamentua aldatu da zertxobait. Garai batean kiskia egiteko ezpel-egurra erabiltzen zen eta gaur egun plastikozko kanika erabiltzen da. Hor aldaketa bat badago, baina horren gainean jartzen den latexa kautxotik dator, eta hori naturala da, nahiz eta kimikoki tratatua egon.

Zein da pilota egiteko prozesua?

-Kiskiaren gainean kautxoa jartzen da, eta haren gainean, artilea. Interesen arabera artile naturala edo sintetiko pixka bat duena sartzen da. Adibidez, tokeko pilota batek behar du artilea ahal den naturalena izatea, soinua eta indarra ondo kontserbatzeko. Pilota gozoetan, aldiz, ez du hainbesteko garrantzia. Artilearen gainean kotoia jartzen zaio barruko hariak ondo eusteko eta, azkenik, larrua. Ahuntzaren larrua izaten da, eta hemen ere desberdintasunak daude tratamenduaren arabera.

Dena eskuz egiten jarraitzen duzue?

-Gehien bat, nahiz eta mekanizazio pixka bat sartu den. Esaterako, artilea biltzeko edo bobinatzeko sistema bat badago. Hala ere, oraindik artisau munduan kokatzen den ofizioa da pilotagintza.

Zenbat denbora behar izaten duzue pilota bat egiteko?

-Pilota motaren arabera prozesua desberdina da. Tokezko pilota batek denbora behar du latexa egonkor-tzeko eta artile bustia jartzen bada, lehortu behar du, eta larrua ere bai. Umeentzako pilota arin bat, pilota gozoa, egun berean hasi eta buka-tzen dugu normalean. Erakustaldietan ere egiten ditugu, pilota hasi eta bukatu, baina pilota hori ez da izango sekula tokeko pilota bat, potentea, ona esaten dena.

Esaten da ez daudela bi pilota berdin, egia al da hori?

-Berdinak beharbada ez, baina oso antzekoak bai. Hor bada nolabaiteko mitifikazio bat, profesionalen pilota aukeraketetan ikusten duguna. Gainera, batzuetan pilotak bakarrik ez du garrantzia, baizik eta zein pilotarirentzat den, zer komeni zaion, zein aurkari duen...

Zenbat urte daramatzazu pilotak egiten?

-Gaztetxotan eskuz eta palan joka-tzen hasi nintzen, denak bezala. Bazegoen Anoetan delegatu moduan aritzen zen pertsona bat, pilotak egiten bazekiena, eta harekin ikasi nuen. Hamazazpi urterekin hasi nintzen pilotak egiten eta palan ere egin nuen ibilbidea; 21 urterekin debutatu nuen eta profesional moduan aritu nin-tzen. 23 urte nituela Ikastolen Federazioarentzat pilotak egiten hasi ginen, enpresa handitzen hasi zen, eta 2002an koooperatiba sortu genuen, hiru lankiderekin.

Zein dira zuen bezeroak?

-Federazioak, klubak edo elkarteak, dendak... artisau azoketan, ganadu feriatan eta euskal giroko azoketan ere ibiltzen gara. Gure eremua Euskal Herria da, nahiz eta tarteka izaten dugun eskariren bat Gaztelatik eta Kataluniatik. Ameriketatik ere deitu izan digute, baina ez da ohikoena.

Gipuzkoako txokoa. Beti gustatu izan zait Anoetako Osintzulo, xarma berezia du niretzat.

Paisaia idilikoa. Lizarbakarra. Ernio bidean dagoen mendi magala da, toki zoragarria, eta inguruko mendiak, Uzturre eta Txindoki, ikusten dira.

Festa edo ospakizuna. Anoetako Euskal Jaia. Giro polita izaten da eta parte hartzen dugu.

Mendia. Alkiza aldean dagoen Mendiola.

Hondartza. Donostia aldera asko joaten naiz, Ondarretara, eta baita Oriora ere.

G

ipuzkoatzen