segura - Esperantza handirik ez bazen ere, igandean Segura eta Zeraingo mendietan barrena jokatutako Sanson mendi lasterketak errekor berriak ditu distantzia luzean. Igande arratsaldean atera ziren korrikalari guztiak Segurako plazatik eta leku berean izan zuten helmuga. Aurretik, 25 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positiboari aurre egin behar izan zioten, gune batzuetako lokatza ere gaindituz. Parte hartzea ere nabarmena izan da. Luzean 92 lasterkarik hartu zuten parte, horietatik 8 emakumezkoak izan ziren, eta laburrean berriz, 81 korrikalarik hartu zuten parte, horietatik 10emakumezkoak.

Emakumezkoetan Ainhoa Sanz urretxuarrak iaz zuen marka hobe-tzea lortu zuen eta beraz, orain ere berea izango da denbora onena datorren ediziora bitartean. Iaz 2:34:45 denbora behar izan zuen, aurten, ordea, 11 minutu lehenago iritsi da, 2:23:01ean, gurutzatu zuen helmugako lerroa, esku banatan makilak hartu eta altxatuta.

Olanoren kasuan, lehen postua eskuratzeaz gain iaz Julen Larruzea larrabetzuarrak jarritako marka hobetzea lortu zuen aurtengo lasterketan. 2:13:20an zegoen errekorra eta Olanok 7 minutuan hobetzea lortu zuen, 2:06:20an geldituz kronometroa. Antolakuntzak azaldu zuen aurten errekor berria jartzen zuenarentzat 100 euroko sari gehigarria izango zela, eta biek ala biek hala lortu zuten.

Emakumezkoetan Ainhoa Jauregi urnietarra izan zen bigarrena (2:47.28) eta hirugarrena Maialen Gurrutxaga andoaindarra (2:50:27) izan zen 25 kilometroak osatzen.

Gizonezkoetan bigarren postua iazko irabazleak lortu zuen, Larruzeak, 2:11:14eko marka eginez. Hirugarrena, berriz, Berrobiko Ibai Madina iritsi zen, 2:14:38ko denborarekin.

Ibilbide laburrean, berriz, 15,3 kilometro eta 880 metroko desnibel positiboa izan zuten parte hartzaileek. Lehen postuan iritsi zen beasainen bizi den Ainize Lasa (1:34:23ko); Elorrioko Olatz Azpitarte bigarren (1:34:49) eta Olatz Aranburu zeraindarra hirugarren (1:36:11).

Gizonezkoetan, Iñaki Hormaetxe arrasatearrak denborarik onena egin zuen eta beraz, lehen postua lortu zuen 1:08:27ko denborarekin. Minutu eskasera iritsi zen Oier Larrañaga lazkaotarra (1:09:26) eta segidan, Ibarrako Jon Altuna (1:10:09).

Goierri Kopa Trail sariketako bosgarren saioa izan da eta ekainaren 8an Zaldibiakoa jokatuko da.