beasain - Beasaingo Udalak Igar- tza Oleta kalean bi noranzkoak berreskuratzeko asmoa agertu zuen duela denbora dezente eta proiektuak aurrera egingo du. Autoentzako bi norazkoak berreskuratzea da lortu nahi dutena, beti ere, egun dagoen bidegorria eta espaloia mantenduta.

Asmo hori lantzen ibili dira urtean zehar eta errealitate bihurtzeko Oria ibiaren ezkerraldean hegaldura bat eraikitzea da jarraitu beharreko bidea, baina noski, Udalak ez du eskumenik hori bere kabuz hasteko. Lan edo aldaketa horiek egiteko Ur Agentziaren baimenaren zain zegoen eta dagoeneko Udalak Konfederazio Hidrografikoaren ebazpena jaso du, eta Igartza Oleta kalean Oria errekaren ezkerreko ertzean egingo diren oinezkoentzako espaloia aldatzeko lanak edo obrak ahalbideratuko ditu honek. Baiezko erantzunean halaxe zehazten dute egindako eskaerari buruzko eran-tzuna: “Oria errekaren ezkerreko er-tzean jabari publiko hidraulikoan, oinezkoentzako espaloia aldatzeko lanak baimentzen dira”.

Ez da egun batetik besterako erabakia izan. Udalak aurkeztu zuen lanen proiektuan Oria ibaiaren isuriaren ezkerraldean hegaldura txiki bat eraikitzea aurreikusita zegoela agertu du baina Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoak baiezkoa eman beharra zeukan.

Duela urte bete egin zion eskaera hori Udalak Ur Agentziaren bitartez erakundeari eta onespen hori eskuratuta, lanak esleitzeko prozesua martxan jarrita dago. Zehazki, Udalak Igartza kalean egingo dituzten birgaitze lanak burutzeko proiektuak ibaiaren ertzean dauden bi, lau eta sei zenbakien parean dagoen errepide zatiari egiten dio erreferentzia. “Bidegorria eta espaloia mantenduko dira eta trafikoan norabide bikoitza ezarriko da”, nabarmendu dute Udaletik.

Hori ahalbidetzeko espaloiari zabalera emateko ibai ertzeko zenbait eremutan hegaldura txiki bat eraikiko dela ere jakinarazi dute. Gainera, azken hauteskundeetako programan ere sartu zuten aldaketa honen berri eta beasaindarrei onura egingo diela uste dute.

Bestalde, eta behin halako lan ba-tzuk abian jarritakoan aprobetxatu egingo dute beste hobekuntza ba-tzuk egiteko. Besteak beste, Peategi kalera eta Igartzako futbol zelaira iristeko zubiaren sarrerako bihurgunean espaloian aldaketak egingo dira; izan ere, ibilgailuek bira egiterako orduan zailtasunak izan ohi dituzte eta hori ahalik eta mugimendu horiek modu errazenean egiteko modua jarri nahi dute.

Norabide bikoitza abian jarrita, udalerriko sarbidea Igartza Oleta kaletik posible izango da eta bereziki Foru Kalea, Dulce Maria Loinaz plaza eta inguru horietan bizi diren herritarrek irispide samurragoa izango dute, orain bira osoa eman behar izaten dute eta Trenbide kaletik barrena euren bizitokietara iristeko.