Joan den udazkenaz geroztik sumatzen da. Ez da giro Jarauta aldean. Edo bertzela erranik, duela 40 inguruko giroa itzultzen ari da. Garai hartan, droga barra-barra zebilen hiriko toki aunitzetan; bertzeak bertze, Jarauta aldean. Heroinak harrapaturik zeuden aunitzek Alde Zaharreko karrika inguru horretara jotzen zuten dosia erosteko. Gauza bera gertatzen zen Euskal Herriko hiri eta herri frankotan. Ondorioak sekulakoak. Gazte kopuru handia ez zen 35-40 urtera iritsi. Droga inolako oztoporik gabe banatu eta barreiatzen zen, Estatuaren estoldek hauspoturik omen, belaunaldi gazteak politikatik eta muturreko mugimenduetatik aldentzeko. Oraingo aferaren munta ez da inola ere garai hartakoa, baina kezka zabaltzen hasia da, lehen xiringak iragan azaroan agertu zirenetik. Alde Zaharreko jendea eta denetariko taldeak biltzen hasi dira, arazoari aurre egiteko, afera are gehiago gaiztotu baino lehen. Jarautako eraikin bat da arazoaren iturrietako bat; edo hobe erran, eraikin hori okupaturik bizi den jendea, bazterrak ederki tenkatu baitituzte. Joan den apirilean ere, bortxaketa gertatu zelako albistea zabaldu zen; bortxaketa eraikin horretan gertatu zen, hain zuzen ere. Harrezkeroztik, egoerak txarrera egin du. Hauteskundeen aurretik, Alde Zaharreko auzokideak eraikinaren parean elkartu ziren egoera salatzeko eta “okupei” alde egin dezatela eskatzeko, baina elkarretaratzeak, egia erran, ez zuen oihartzun handiegirik izan hedabideetan. Aferak, gainera, badu bertze hari mutur bat. Izan ere, eraikinak sei solairu ditu, eta lau, zehazki, udal jabetzapekoak dira. Udalak auzitara jo du, epaileak “okupak” kanporatu ditzan. Tentsioak asteburu honetan jo du goia, taberna-jabe ezaguna jipoitu baitute, eta horren ondorioz, ageri-agerian dago kolera gorria. Ea kanporatze-agindua lehenbailehen iristen den.