Pasaia - Udal osaeran Pasaiak behar duen adostasunez aritzeko aukera galdu izanak eskatzen duen kritika politikoa eginda, EH Bildu ez da iraganera begira geldituko. “Argi eta garbi berretsi nahi dugu kanpainan zein Udala osatu aurretik egindako elkarlanerako deia”, adierazi dute prentsa ohar batean.

“Urteen poderioz normalizatu egin dugun arren, Pasaiak bizi duena larrialdi egoera da eta, beraz, larrialdiko neurriak behar ditu. Lehena, indar politiko guztien arteko akordio bat, duintasun kontua diren egoerak gainditzeko”, gaineratu dute.

“Gobernatzeko ardura hartu dutenei dei egiten diegu adierazitako elkarlana bideratzeko mekanismo zehatzak proiektu bozkatuenarekin adostu ditzaten”, eskatu dute. Azkenik, hurrengo plenoan aukeratu beharreko udalaz gaindiko erakundeetako ordezkaritza adostua izateko proposamena luzatu diete PSE eta EAJri.

Gogorazi dutenez, pasa den 15ean PSEren eta EAJren arteko itunak eragin zuen zerrenda bozkatuenak, EH Bilduk, Alkatetza ez eskuratzea. “Akordioak zilegiak badira ere, Pasaiako honek herritarrekiko errespetu falta erakusten duten bi ezaugarri nabarmen ditu. Bata, itun hori ez dago Pasaiako beharretan oinarrituta, oinarri programatikorik ez duenez, ez baita Pasaia hobea egiteko adostasunetik sortu. Bestea, akordioa onuragarria eta zintzoa izan dadin ezinbestekoa den osagai bat falta zaio: gogo onez egina izatea”, esan dute. Argudiatu dutenez, bi alderdi horietako arduradunen arteko ezinikusi publikoak izanik, itun honek ez du bermatzen gobernu koalizioa sendoa izatea.

“Baldintza hauetan zintzoagoa eta herriarentzat onuragarria izango zen hauteskundeetako irabazleari bidea libre uztea, EAJren kasuan, gainera, publikoki horrela iragarri zuela kontuan hartuta”, baieztatu dute. Gauzak horrela, EH Bilduk herri akordio bat lideratzen saiatuko da “herritarren nahia betetzeko”.

Herritarrekin bilerak EH Bilduk aditzera eman duenez, Pasaiako bizi-baldintzak udalerritik kanpo hartzen diren erabakien menpe dago. Beraz, beraien aburuz, Udalak egin ditzakeen ahaleginek ezinbesteko dute herritarron bultzada. Horregatik, irailetik aurrera harremanak garatuko ditu EH Bilduk alderdiekin ez ezik herritarrekin eta herri eragileekin “pasaitarron duintasunaren aldeko akordio handi hori lantzeko”. - A.M.