Errenteria - Errenteriako Xanti eta Maialen erraldoiek aurten ehun urte betetzen dituzte eta herriko DNAren parte direnez, urteurrena ospatu behar zela pentsatu zuen Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak.

Bertako kide den Imanol Etxeberriak atzo egindako aurkezpenean azaldu zuenez, herriko talde eta eragileekin ospatzea pentsatu zuten. Gauzak horrela, bihar eta etzi hainbat ekitaldi izango dira.

“Ostiralean 19.00etan lehenengo aldiz ehun urtetan Xanti eta Maialen herritarren aurrean jantziko ditugu Herriko Plazan 19.00etan eta maskuriak ere puztuko ditugu”, adi-tzera eman zuen Etxeberriak.

Bestalde, larunbatean 11.00etatik aurrera kaleetan zehar ibiliko dira kalejiran eta herriko talde eta elkarte askoren laguntza izango dute, horien artean lehenengo aldiz ere, herriko lau danborradak elkartuko dira, erraldoiekin kalejiraren zati bat egiteko. Ibilaldian egingo dituzten geldialdietan hainbat erritmotako musika dantzatzeko, antolatzaileek esan dutenez, herritarrek ere parte har dezakete.

Larunbat arratsaldean, 18.00etatik aurrera Zumardian haurrentzako tailerrak egongo dira.

Ospakizunekin amaitzeko 22.30ean Herriko Plazan Errenteriako musika bandak, Landarbasok eta Udal Txistulari Taldeak kontzertu berezi bat eskainiko dute. Ikuskizun honetan bertsolaritza eta dantza ere uztartuko dira.

Landarbasoko zuzendaria den Iñaki Tolaretxipik aditzera eman zuenez, 2016an abesbatzaren 25. urteurrenean Erraldoien Konpartsarekin eta musika bandarekin kontzertua eskaini zuten. “Orain zerbait an-tzekoa egitea proposatu ziguten, berdina ez dugu egingo, zerbait hobea baizik”, esan zuen. Errepertorioa euskal abestiek osatuko dute.

Gainera, bihartik hilaren 27ra arte Xenpelar Etxean Xanti eta Maialenen argazkien erakusketa zabalik egongo da. Ion Collarrek, Kultura zinegotziak, herritarrei dei egin zien erraldoien argazkiak erakusketara edo artxibora (goizez) ekartzeko hauek eskaneatzeko.