ordizia - Irunen jokatu da Gipuzkoako udako igeriketa txapelketa, infantil eta junior absolutuko mailetan. Bertan eskualdeko igerilariak aurrez aurre lehiatu dira eta Ordiziako Igeriketa Elkarteko kideak ere bertan izan dira. Maila oso onean aritu dira, gainera, denboraldiko azken txapelketetan urtean zehar egindako lana erakutsiz.

Markel Iglesias idiazabaldarra da horietako bat. Orain ez asko hasi bazen ere, bigarren postua eskuratu zuen igeriketa egokituan 100 metro tximeleta eta 50 eta 100 metro estilo librean. Iglesiasek beheko gorputz adarreko artrogriposia du eta orain gutxi Espainiako txapelketara joan zen. Bertan, 200 eta 400 metroan, estilo librean, bere kategoriako lehena izatea lortu zuen. Domina berri honek argi uzten du Ordiziako igerilariaren maila ona.

Horrez gain, junior absolutu mailan emakumezko taldekoak ere dominekin itzuli ziren Ordiziara. Hain zuzen 4x100 libreetan eta 4x100 estiloetan bigarren eta hirugarren postuak eskuratu zituzten, hurrenez hurren. Hala, lortutako denborei esker Euskal Herriko txapelketan lehiatzeko gutxienezko denborak egitea ere lortu zuten honako probetan: 4x50 libreetan, 4x100 libreetan eta 4x50 estiloetan.

Asteburu honetan Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian arituko dira Euskal Herriko absolutu mailako txapelketan Ordiziako igerilariak. - M.A.