hondarribia - Hondarribiako Udaleko Kultura departamentuak 2019ko jaiei begira, pregoilari txikien hautaketa deitu du. “Azken urteetan, irailaren 6an egiten dugu jaien irekiera, haurrei eta familiei begira, festei hasiera emako modu alai batean, udaletxeko balkoitik globo erraldoiekin, zezenen entzierroarekin... Hala, bi pregoilari izan ohi ditugu”, zioen atzo Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak. Pregoilari txiki izateko ezinbestekoa izango da Hondarribian erroldatuta egotea eta 9 urte izatea edo aurten betetzea. Hautagaiek BAZen izena eman beharko dute (astelehenetik ostiralera goizeko 9.00etatik 13.30era). Izena emateko epea abuztuaren 14ko 13.30ean bukatuko da. Originaltasuna eta umorea kontuan hartuko dira hauta-tzeko prozesuan. Pregoia irailaren 6ean, 11.00etan, izango da. - J.G.