Eguna goibel eta euritsua zegoen arren, herritar ugari bildu ziren atzo goizean, hori bai, beste urtetan baino gutxiago, Astigarragako Foru plazan Santa Ana egunean ohitura den sagardo dastaketara. Atzokoa 43. edizioa izan zen eta 16 postu zeuden, inguruko sagardotegi famatuenekin. Solomo eta txorizo pintxoek arrakasta handia izan zuten.

“Hau giroa, hau” esaten zion lagun batek besteari, euri zaparradari aurre egiteko aterkiak ezer gutxi egin zezakeenean. Jendea sagardo postuen plastiko azpian aurkitzen zuen aterpea.

Inguruan emakume jostunen erakusketa eta idi demak izan ziren. 1.500 kiloko harriarekin lau idi pare ibili ziren, Pagadizabal, Oliden, Etxetxo eta Artola baserrietakoak. Eguerdi partean Aitor Mendiluze eta Agin Laburu bertsolariak etorri ziren plaza kantuz betetzera.

Astigarragako santioetan atxikimendu gehien duen ekintza herri bazkariak dira. Herri jatuna da eta atzo Goldea elkarteak antolatuta Santa Ana bazkaria ospatu zen Rezola sagardotegian eta txosnan, Andoni Ollokiegi musikariak girotua, Elkartasun Bazkaria ospatu zen.

Alabaina, arratsalde partean ere egon zen zer jan. 19.30etik aurrera Joseba Barandiaran plazan Eusko Label zigiluko hegaluze eta Gernikako piperren pintxo salmenta egon baitzen.

Gainera, Foru plazan euskal giroa nagusi izaten jarraitu zuen 17.30ean hasi zen herri kirolen jaialdiarekin. Gipuzkoako harri txikien txapelketan zazpi partaide hiru harri mota desberdinekin aritu ziren eta herriko aizkolari gazteen desafioan Markel Zapiain, Axel Larrañaga, Suharri Rodríguez eta Jokin Urretabizkaiaren arteko norgehiagoka ikusteko aukera izan zen.

Festak asteburu osoa iraungo du. Gaur, iaz lehenengo aldiz antolatu zen marmitako lehiaketa errepikatuko da eta arratsaldean inauterietan estreinatu zen herri danborrada Pasai txarangarekin aterako da.

Festekin amaitzeko, igandean, goiz eta arratsaldean ur-parkea izango da Foru plazan. Arratsaldean, Joseba Barandiaran plazan Errumaniako musika, dantza eta janari dastaketa egongo da eta gauean Laiotz taldearekin dantzaldia eta zezen-suzkoa izango dira.