Aia - Uda sasoian murgilduta, gero eta gutxiago falta da Aiako jaietarako. Aurten, abuztuaren 3an, larunbata, hasiko dira festak. Gazte Eguna ospatuko dute egun horretan, Aiako Gazte Asanbladaren eskutik. Hainbat herritar buru-belarri ibili dira urte osoan, egun borobila lor-tzeko hirugarrenez, eta “momentua iristeko gogoz” daudela adierazi dute Unai Uria, Irati Eizagirre eta Gon-tzal Aldaiek.

Duela hiru urte hasi zineten antolatzen Gazte Eguna Aian. Nondik sortu zen ideia?

-Gero eta jende gutxiago gertura-tzen zen festetan Aiara. Egun horietan leku askotan dira jaiak eta nolabait beherakada horri buelta eman behar geniola ikusten genuen. Hala, duela lau urte hainbat herritar bildu eta ideiak bota-tzen hasi ginen. Festetako egitarau guztia beteta zegoela ikusten genuen eta beraz, aukerarik onena, aparteko egun bat gehitzea zen. Halaxe egin dugu hiru urtez jarraian. Aiako Sandonato eta Sanlorentzoak abuztuaren 6an hasten dira eta aurreko astebukaeran ospatu dugu beti Gazte Eguna.

Zuek, ordea, ez zarete txikikeriatan ibili...

-Egia esan apustu handia egin genuen hasieratik eta horrek lan handia eskatzen du. Ate asko jo ditugu, baita ordu asko pasa ere. Gipuzkoako herri guztietara deitu genuela txosna baten eske, hortik pentsa! Lehenengo urtean Why not?, Skasti eta Esne Beltza taldeak ekarri genituen. Kostu handiei egin behar genien aurre eta ez geneukan dirurik. Talde guztiei festak pasa ondoren ordainduko geniela esan genien, eta ondo atera zen, eskerrak.

Baita hirugarren aldiz animatu ere. Zein talde igoko dira Aiako oholtza gainera oraingo honetan?

-En Tol Sarmiento, Kaotiko eta Modus Operandi taldeak etorriko dira aurtengo Gazte Egunean. Baina festa ez da horretara mugatuko. Goizean goizetik izango da zer gozatu Aian. Ume handientzako jolasak izango dira 11.00etan, taldeka. 14.30ean paella lehiaketa egingo dugu Dema plazan, eta bazkalostean jarraituko du festak; iaz bezala, Elektrotxuflako kideak arituko dira herriko kaleetan barrena.

Gazte Egunaz gain, aurten festen azken egunean aldaketak egin dituzue...

-Hala da. Azken egunean, denak neka-neka eginda egoten gara eta normalean, traka entzun eta etxera joaten gara. Kontua da aurtengo jaietako azken eguna, abuztuak 10, larunbata tokatzen dela eta hori aprobetxatu egin behar genuen. Udalak, egun horretako kontzertuetako dirua jarriko zuela esan zigun, baina gure esku utzi zuen zein talde ekarri. Azkenean, Los Zopilotes Txirriaos, Buhos eta DJ Jo ta Txo taldeak etorriko dira. Buhos taldea, Kataluniatik iritsiko da. Ez du inoiz Euskal Herrian jo eta gogoz datozela esan digute. Ospe handia ari dira lortzen, azken kontzertuetan 10.000 pertsona inguru elkartu dituzte.

Aste bat baino gutxiago geratzen da dagoeneko. Azken prestaketekin ariko zarete, ezta?

-Bai, lan asko egin beharko dugu egun hauetan. Zeregin guztiak banatuko ditugu gazteen artean eta hainbat muntaketa ere egiteko ditugu. Dena den, gogoz gaude eta inguruko herrietako bizilagunak animatu nahi ditugu, festa giro polita egongo baita.

Herri bat. Aia, dudarik gabe!

Mendi bat. Aiarren mendia Pagoeta da.

Hondartza bat. Aiak hondartza ere badu, Txurruka.

Festa bat. Aiako San Donato eta San Lorentzo jaiak eta Gazte Eguna, noski.

Janari bat. Paella edo bestela, Aiako festetan parrandatik etxera bueltan goazenean, Nekanek egiten dizkigun bokadiloak.

Paisaia bat. Aiako hilerritik ikusten den paisaia eta baita herriko plaza jendez lepo ikustea ere.

G

ipuzkoatzen