elizondo - Atzo arratsaldeko 5etan Antzanbordatik ailegatu zen Elizondora Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxa. Larunbatean Ainhoatik abiatu zen Euskal selekzioak martxan, garena garelako, ofizialtasuna! goiburupean, eta larunbatean Usurbilen bukatuko da ekimena. Atzo goizean Urepeletik abiatu zen tropela txistularien doinupean sartu zen Elizondoko Foruen Plazan. 80 lagun inguruk osatzen zuten taldea, eta herrian hamarnaka lagun zituzten zain. Baztango kirolariek bi lerrotan jarrita harrera beroa eskaini zieten mendizaleei. Hankak nekatuak izanagatik irribarrea ahoan, sartu ziren Elizondoko plazan, eta pozik hartu zuten atseden, baztandarrek prestatutako ongi etorri goxoaz gozatzeko prest.

Jo ala Jo taldeko kideen adar eta txalapartarien doinuekin hasi zen Ioritz Mitxeltorenak gidatutako ekitaldiari jarraipena eman zion Alazne Untxaloren bertsoak. Gerora, Xabier Ibargarai Erratzuko palista profesionalak, aurtengo buruz-buruko txapeldunak, eta Paula Urrutia eta Nekane Astiz Baztango Kirol Taldeko eskubaloi jokalariek hartu zuten hitza, mendi martxari atxikimendua adierazi dieten Baztango kirolari eta eragile guztien izenean. Bai batak zein bertzeek Euskal Selekzioaren aldeko aldarriak erabili zituzten ahoan. Ondotik, Joseba Otondo Baztango Udaleko alkate eta Baztango Batzar Nagusiko Lehendakari gisara hartu zuen hitza, bi erakundeek mendi martxari eta Euskal Selekzioaren ofizialtasunari atxikimendua eman diotela berretsiz. Bukatzeko, Txumai Iturriak, mendi martxaren antolatzaileen izenean hartu zuen hitza, baztandarrei eskerrak emanez, Udal eta Batzar Nagusiari, Baztandarren Biltzarra elkarteari eta Baztango harreraren antolatzaile Julen Mitxeltorenari oroigarri bana eman zieten, esker ona adieraziz. Dantzan bukatu zuten atzoko ekitaldia. Elizondon lo egin ondotik, gaur Sunbillara arteko etapa burutuko dute.