Legazpi - Gipuzkoako Artzain Egunaren 35. edizioa ospatuko dute bihar Legazpin. Bertan, egitarau zabal eta oparoa lagun, artzaintzaren iragana, oraina eta geroa aldarrikatuko dituzte. Besteak beste, Gipuzkoako gaztarik onena aukeratuko da eta hainbat artzain omenduko dituzte. “Guretzat Artzain Eguna urteko egunik onena izaten da. Jendeari nola bizi garen erakusten diogu eta baserritarron artean ere egunaz gozatzen dugu, nahiz eta lanerako goiz jaiki behar izaten dugun”, azaldu zuen eskarmentu handiko Juan Jose Aranguren Legazpiko Erreizabal baserriko artzainak, 35. Artzain Eguna aurkezteko Foru Aldundian egin zen ekitaldian.

Egun osorako egitarau bikaina prestatu du Legazpiko Udalak igande honetarako eta jaia borobiltzeko hainbat postu eta artisau-erakusketa ere egongo dira. “Badira 29 urte gure herrian ospatzen dela eta gazta, sagardoa edo ardi okel egosia dastatzeaz gain, aukera ematen du hainbat erakustaldi ikusteko”, azaldu zuen Legazpiko alkate den Koldobike Olabidek. Gainera, oso festa “herrikoia” eta “ezaguna” dela azpimarratu nahi izan zuen.

Aurten ere, lehiaketak izango dira ekitaldi garrantzitsuenak. “Artzain Eguna bezalako ekitaldiak ezinbestekoak dira artzainen eta, oro har, lehen sektorearen jarduera ezagu-tzeko eta balioan jartzeko”, aipatu zuen Imanol Lasak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.

Egitarauari dagokionez, goizeko 11.00etan Gipuzkoako gaztarik onena hautatuko da eta sailkatzen diren hamar onenek Euskadiko Txapelketarako txartela eskuratuko dute. Jarraian, eguerdiko 12.00etan, Ardi Okelaren 29. lehiaketa egingo dute.

gazta dastaketa Goizeko 11.30ean hasita, hamabi gaztandegiren eskutik gazta dastaketa herrikoia hasiko da. Euro baten truke, nahi duenak postu bakoitzean gazta bat proba-tzeko aukera izango du. Aurkezpen ekitaldian Bittor Orozek, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak gazta ekoizlea den artzaina balioan jarri nahi izan zuen. “Euskadin 123 gaztandegi ekoizle daude Idiazabal Jatorrizko Deituran, 1.350.000 kilotik gorako produkzioarekin. Horietatik %53 Artzai Gaztakoak dira, latxa arrazako ardi esne gordinarekin egindako produktua”, azpimarratu zuen Orozek.

Bestalde, 13.00ean hainbat artzain omenduko dituzte: Tolosako Ignacio Artano eta Zestoako Angel Errasti, Ameriketan artzain ibilitako Vicente eta Felix Almirantearena anaiak, eta baita Euskadiko Latxa Elkarteak (ELE) urtero goresten dituen profesionalak ere. Aurten, Errezilgo Begoña Galarraga omenduko dute alde batetik, eta bestetik, Ardiekin zentroko Feli Arrese nafarrari Euskadiko artzaintzaren lehiakortasunaren eta modernizazioaren mesedean egindako ibilbidea aitortuko diote.

11.00etan. Gipuzkoako gaztarik onena hautatuko da. Epaimahai profesionala ez ezik, haurren beste epaimahai bat ere eratuko da, bere saria emango duena. Sailkatutako 10 onenek Euskadiko Txapelketarako pasea eskuratuko dute.

11.30etik aurrera. Hamabi gaztandegik parte hartuko dute gazta dastaketa popularrean. Euro baten truke, aukera egongo da postu bakoitzean gazta bat probatu eta onenak hauta-tzeko.

12.00etan. Ardi Okelaren 29. Lehiaketa izago da eta lau elkarte lehiatuko dira.

13.00etan. Omenaldiak egingo zaizkie hainbat artzaini: Tolosako Ignacio Artano eta Zestoako Angel Errasti artzainak, Ameriketan artzaintzan aritutako Almirantearena anaiak eta Errezilgo Begoña Galarraga eta Ardiekin zentroko Feli Arrese.

14.30ean. Herri Bazkaria Aitxuri jatetxean.

17.30ean. Gipuzkoako 51. Ar-tzain Txakur Lehiaketa.