Egun gogorrak izaten ari dira azken hauek Erratzu, Elizondo eta, oro har, Baztanen. Jon Barberenaren bat-bateko heriotzak ilundu egin ditu bertakoak, begirada galduak aurki daitezke nonahi, begi lanbrotuak, eta erritmoa ezin aurkitu dabiltza baztandarren bihotzak. Hutsune handia nabari da han eta hemen, zulo handia utzi du Jonek aunitzengan.

Izan ere, heriotzak horixe dakar, hutsunea, eta hutsunea are handiagoa izan ohi da heriok pertsona gazte bat bere ondora daramanean. Eta pertsona hori, Jon bezala, hain eskuzabala eta hain maitatua denean, samina erraldoia bilakatzen da.

Jon Barberena, izan ere, gaztea izanagatik alor auni-tzetan aritu izan zen. Arrasto handia utzi du euskalgin-tzan, kulturgintzan, herrigin-tzan edota hezkuntzan. Aunitz egin eta eragin baitu, aunitz sortu, lagundu, aholkatu, partekatu baitu.

Semea izan da, anaia, bikotekidea, aita, laguna, lankidea, maisua, idazlea, bertsolaria. Batean zein bertzean bete ezinezko zuloa utzi du. Hitzak harilkatzen maisua zenaren heriotzak hitzik gabe utzi du bere inguruko jendea.

Jonenganako maitasun keinuak biderkatu dira azken egun hauetan. Jende uholde bat hurbildu zen beilatokira zein bere aldeko hiletara, lagun eta senideengana maitasuna agertzera. Kontaezinak izan dira, batez ere sare sozialen bidez, maila pertsonal zein kolektiboan Joni eskainitako omenaldi xume bezain hunkigarriak. Argazki bidez, oroitzapen bidez, bertso, olerki zein idatzien bidez. Minak hautsitako milaka bihotzek bat egin dute modu batera edo bertzera Jonek beraiengan ereindako maitasuna kanalizatzerako orduan.

ATZO OMENALDIA Atzo ere, Lekarozko institutuan, Jon irakasle ari zen ikastetxean, omenaldi hurbil, goxo eta sentitua eskaini zioten bertako ikasle eta lankideek. Goizean, bertako 500dik goiti ikasle eta irakasleak gimnasioan elkartu ziren, Joni maitasuna agertzera, Jon gogoratzera, Jon merezi zuen bezala agur-tzera. Jonen jarduna izan zen omenaldiaren ardatza. Bere lankide izan zirenek goxotasun osoz prestaturiko ekitaldia izan zen. Eta Jon bertan izan zen, proiektore bidez, baina presente. Bertsotan, olerkiak errezitatzen, denen belarri, begi eta bihotzetan.

Omenaldiaren bigarren zatia lorategian burutu zuten. Jonen olerkiak errezitatu zituzten ikasle eta irakasleek, banan-bana, lorategian eraikitako poemategian arrosak jarriz. Iruritako eskolan ttikitatik ikasle izan zituen eta dagoeneko koxkortuak daudenek, bertso hunkigarri ba-tzuk eskaini zizkioten, eta ohorezko aurreskua ere dantzatu zioten. Joni eskerrak emanez bukatu zuten omenaldi xume, eder eta sentikorra.