Iruñeko alkatearen erranak eta eginak dira albiste. Eginen artean, Arrosadiko bizikidetza-ekimena bertan behera utzi izana, bat-batean, gaia osoko bilkurara eraman gabe. Ekimena iaz abiarazi zen, bizilagun etorkinen eta bertakoen artean sorturiko ika-mikak moldatzen saiatzeko. Arazoak aspaldian piztu ziren, baina oihartzunek nekez igotzen zuten Zaragozako etorbideko aldapa. Ba-tzuk eta bertzeak bat datoz erraterakoan giroa lasaiago zebilela, aurreko Udalak ekimena abiaraztea erabaki zuenetik. Izan ere, joan den legealdian, gisako edo ber-tzelako hamaika ekimen jarri ziren abian hiri guztian, auzoan auzoko taldeek eta jendeak parte hartuta. Ikusitakoak ikusita, jendea beldur da gainerakoak ere ez ote diren hutsean geldituko. Eginen artean, halaber, Comiruñakoa, eskuindarrek izendatutako goi-teknikariek bilera-sariak jaso ditzaten; hainbertze sos bilera bakoitzeko, korralito foralaren urrezko aroan bezalaxe. Hori guztia aurreko legealdian ere aldatu zen. Erranen artean, berriz, autobus-geltoki zaharrerako proposamena, hots, pikotxa, dena berdintzea, zer eta eski-pista bat egiteko. Zabalguneko auzo elkarteak berak ere bere harridura agertu eta egungo erabileren arrakasta nabarmendu du, bai haurrendako jostaleku estaliarena, bai ekonomia soziala bultzatzeko Geltoki ekimenarena. Eta Zabalguneko auzo elkartea ez dago, preseski, “muturreko aber-tzale filoetarrez” osatua. Geltoki izen horrek sutu egin zituen eskuindarrak bere garaian; hortik heldu da kontua, aste honetan berean, epaiaren haritik berriz ere agerian gelditu den bezala. Alkateak berehala berretsi du aldatu eginen duela indarrean dagoen ordenantza. Bidenabar errateko, eskuindarrekin batera, UGTk txalotu du poz-pozik epaileen erabakia. Gauza jakina baita sindikatu hori izan dela Chivitek bidean aurkitutako oztopo nagusietako bat gobernua osatzeko.