donostia - Turismoak Donostian bizi duen gorakadaren aurrean neurri zuzentzaileak eskatu ditu EH Bilduk eta hainbat proposamen ere egin ditu, hazkundea erregulatzeko eta herritarrengan duen eragina kudeatzeko. Besteak beste, jarduerak eragiten duen “estres soziala” kontuan hartzea, datozen asteotan sortuko den behatokiari norabide egokia ematea (donostiarren bizi baldintzetan turismoak duen eragin negatiboak ekiditeko erabiltzea), hotelen saturazio eremua zabaltzea eta tasa turistikoa ezartzea.

2017-2021 Turismo Gida Planak ezarritako estrategia aldaketak (turisten kopurua haztea baino kalitatea lantzea, hiriaren identitatea, balioak eta kultura sustatuz) helburuak ez dituela bete (hazten jarrai-tzen du bisitari kopuruak) eta agortu aurretik neurriak hartzeko eskatu du koalizioak.

Ildo horretan, Markel Ormazabal zinegotziak onartu zuen promozio kanpaina arruntetara bideratutako dirua murriztu dela (2016an 210.000 euro izan ziren eta aurten 75.000). “Baina helmuga turistikoen arteko lehia indartu da eta beste tresnak ere erabiltzen dira”, aipatu zuen, eta hor kokatu zuen Woody Allenen filmazioa. “Gutxienez 60.000 eta 120.000 euro arteko diru-laguntza publikoa jaso du hiriaren promozioa egiteagatik” eta Bartzelonan Vicky Cristina Barcelona pelikulak izan zuen eragina aipatu zuen.

Ormazabalek turismoaren inguruko datuekin osatutako dosierra aurkeztu eta 2019ko udaren errepasoa eta balorazioa ere egin zuen: gaualdiak iaz baino %8 gehiago izan dira abuztura arte, ia 6.000 plaza daude hoteletan eta 1.300 pisu turistiko baimenduta. Eta horrek guztiak bestelako ondorioak dakartzala aipatu zuen. Besteak beste, etxebizitzaren prezioak gora egin du eta Parte Zaharrean eta Grosen biztanle kopurua jaisten ari da (%7tik gora jaitsi da 2011tik), Ormazabalek gogoratu zuenez. Parte Zaharrean bertan uda honetan 46.000 joan-etorri neurtu ziren eguneko: “Auzoan 6.000 bat pertsona bizi dira, hau da, udan populazioa zortzi aldiz biderkatzen da”.

“Arazo bilakatu aurretik neurriak hartu behar dira”, esan zuen, eta ildo horretan beste bi guneetan ere arreta jartzeko eskatu zuen turisten hazkundea ematen ari delako edo epe motzean emango delako: Antiguan eta Santa Klaran. - A.Z.