Halaxe da, bai, jendetza handia atera zen ortzegunean Udaletxe plazara, Altsasuko gazteen gaineko hamaikagarren erabaki bidegabea salatzeko, eta hil honen 26rako ere egin da deialdia, Justizia Jauregiaren aitzineko plazan elkarretara-tzeko. Plazara ateratzeko deia egin du zurezko egitura batek -armairu koloretsu batek- egunotan, Gazteluko plazan, urriaren 11 armairutik ateratzeko nazioarteko eguna baita, aurten ikasi dudanez. Bertzeak bertze, hitz hauek idatzita zeuden: “Oraindik armairuan giltzapean bizi diren guztiei adorea emateko eguna; uler dezaten ikusezintasuna dela bazterkeriarik handiena, garen bezalakoak bizitzea galarazten baitigu”. Plazara begira ikusi ditugu Casado eta Esparza argazki adierazgarri batean, alkate gibel handiak lagundurik, eta gizonen atzean, Ana. Udaletxeko balkoi nagusian. Pentsatzen dut, sarri, antzeko argazkia ikusiko dugula; hori bai, Pabloren ordez, Albert, eta Anaren ordez, Ines. Zeren, uste izatekoa baita Rivera ez dela inola ere gutxiago eta gisa bereko ongietorria eskainiko diotela, Navarra Suma barneko orekaren mesedetan. Bertzalde, Plazara! mustu zen atzo karrika Nagusian, hots, Alde Zaharreko jendea eta taldeak biltzeko eta ekimenak egiteko jauregi zaharberritua. Bide nekosoa izan da, egungo alkatearen taldeak behin eta berriz trabatua, baina azkenean, gauzatu egin da. Tamala, azken urteotan okupazioa sustatu duen talderen bat bere borondatez prozesutik kanpo gelditu izana. Aspaldian errana baita seinale txarra dela aukerako ardiak galtzen uztea. Egia erran, aukerako ardi aunitz utzi dituzte galtzen. Eta plazara jalgitzeko deia heldu den larunbaterako, bertze epai baten harira. Nago, protesta egiteaz gain, arestian aipatutako armairu gisako bat ere paratu beharko genukeela hemengo euskaldun askorentzat, behingoz euskara erabiltzen asteko pausoa eman dezaten.