Ziudadela karrika garabiz betea dago. Lau eraikuntza ari dira ia berritik egiten, berreraikitzen. Aldamioetan paratutako kartel handietan iragartzen dute zer-nolako etxebizitzak izanen diren: argiak, handiak, erosoak eta igogailudunak. Hitz batez, ez dute zerikusirik lehenagokoekin. Prezioa, jakina, ez dago iragarria, ez baitute zerikusirik Iruñean, bana bertze, etxeak balio ohi duenarekin; hau da, are garestiagoak dira, eta Alde Zaharrean, zer erranik ez. Kontua da aipatu karrikan berreraikitzen ari diren horiek marka guztiak hautsi dituztela. Alokairuetan ere, maizterrek gehiago ordaindu behar dute, oro har, Alde Zaharrean, gainontzeko auzoetan baino, eta ez bakarrik Estafetan. Hirigune historikoa izateak omen dakar hori. Horrek berak eraginik, turistendako apartamentu aunitz zabaldu dira azken urteotan, betiko bizilagunen kalterako. Ez zegoen horri buruzko araurik, eta orain, azaroan, Udalak araudia onetsiko du. Turista jendearendako apartamentuak lehen solairuetan baizik ez dira eginen; hori bai, aurretik dauden apartamentuek bere horretan segituko dute. Alde Zaharrean beldur dira hamaika eraikinetan ez ote diren gisa horretako apartamentuak paratuko. Horrekin batera, azaroan ere, bertan behera utziko da bi urteko luzamendua ostalaritza-lizentzia gehiago emateko. Horrek hotel gehiago zabaltzea ekar lezake (ekarriko du, hain segur), eta nola ez, bide emanen zaio Unzuko hostel erraldoiari. Beraz, are turismo mugimendu handiagoa erdigunean berean, eta gainera, orain arteko ostatu txikien kalterako eta inolako orekarik gabe. Horrenbertzez, gero eta zalaparta handiagoa Alde Zaharrean; gero eta biztanle gutxiago, zaharrak baitoaz, eta gazteek ezin auzoan jarraitu, etxebizitza arras garestiek aukera hori eragotzita; eta jakina, ostalaritza jaun eta jabe. Horra hor hirigune historikoari darion xarma.
Más en Navarra
-
Pamplona abordará la posibilidad de implantar medidas de transporte sostenible inspiradas en las acciones desarrolladas en Baiona
-
Más de 4 millones de euros para ampliar la planta de envases de Moratiel, en Peralta
-
Zizur Mayor aprueba un presupuesto de 18,6 millones, el más alto de su historia
-
El pleno de Lesaka cambia la fecha de ferias al viernes