azpeitia - Kristina Fernandez kazetari azpeitiarrarentzat “gogorra eta aldi berean polita” izan da bere herriko Lagun Onak futbol taldearen 75. urteurreneko liburua idaztea. Egileak nabarmentzen duenez, dagoeneko kalean dagoen argitalpen hau “herritarren testigantzekin osatuta eta herritarrei zuzenduta” dago.

Noiz eta nola suertatu zitzaizun Lagun Onak futbol taldeko 75. urteurreneko liburua idazteko aukera?

-Orain dela urte eta erdi inguru, Lagun Onakeko arduradunak Eregi komunikazio enpresarekin jarri ziren harremanetan taldeko 75. urteurrenaren harira liburu bat egiteko asmoa zutela azaltzeko. Eregin lan egiten dut eta niri egokitu zitzaidan lan hori egitea.

Edonola ere, Lagun Onak ez da erakunde ezezaguna zuretzat...

-Hala da bai, hamabi bat urte eman nituen klubeko nesken taldean futbolean jolasten, 14 urte nituenetik 26 urtera arte, gutxi gora behera. Garai hartan baten batek esango bazidan liburu hau idatzi beharko nuela ez nuke sinistuko.

Zer nolako lana izan da?

-Esan bezala, Lagun Onakeko familiaren parte izan nintzen eta agian horregatik behar baino presio gehiago ipini diot nire buruari lan hau egiteko. Gogorra izan da baina aldi berean oso polita.

Zein izan da zure helburua?

-Klubak bere historia jasotzen zuen argitalpena kaleratu zuen 50. urteurrenean eta horregatik lan honetan, lehen mende erdiko historiaren laburpen bat jaso badugu ere, azken 25 urteotako ibilbide eta bizipenetan zentratu gara gehienbat.

Zer jasotzen du liburuak?

-Mutilen lehen taldeko kirol lorpenak, orain dela 25 urte sortu zen nesken taldeko ibilbidea, Futbol Eskolaren bilakaera... Hori, eta bereziki, taldeko une garrantzitsuetako parte diren edo izan diren boluntario, agintari, jokalari eta zaletu ezberdinen testigantzak. Lan hau egiteko ehun bat pertsonekin bildu gara eta horregatik liburua herritarrez osatuta eta herritarrei zuzenduta dagoela nabarmenduko nuke. Azken batean, datu bilketa baino, bertan jasotakoa esperientzia bilketa bat izan da.

Zer eman dio Lagun Onak futbol taldeak Azpeitiko herriari?

-Kirola taldean eta kirolaren baloretan oinarrituta praktikatzeko aukeraz gain, beste lagun talde bat egiteko aukera. Izan ere, Lagun Onak-etik pasa diren pertsonak kirol lorpenekin baino gehiago klubean egindako lagun taldearekin geratzen dira eta hori Lagun Onak-ek sustatzen dituen balioekin bat dator.

Eta Azpeitiko herriak, zer eman dio Lagun Onak futbol taldeari?

-Nire ustez nortasuna eman dio. Lagun Onakek herritarrez osatutako taldeak ditu, herriko zaletu fidelak.... Urte eta une txarrak pasa baditu ere, klubak horri esker egin du beti aurrera.

Liburu honen aurkezpenarekin amaitzen da Lagun Onakeko 75. urteurrena ospatzeko antolatutako egitaraua?

-Argitalpen honen aurkezpenarekin ia ekintza guztiak eginda daude jada baina oraindik badago zerbait; Alaitz Olaizolaren testuekin eta Iban Izagirreren marrazkiekin prestatutako haurrentzako ipuinaren kasu.

Non eskuratu daiteke liburu hau eta zer preziotan?

-Oker ez banabil liburua Lagun Onakeko dendan eta Garmendipe futbol zelaian eros daiteke, 10 eurotan. Prezio merkea jarri diote helburua ahalik eta herriko etxe gehienetara ailegatzea delako.

Gipuzkoako txokorik maiteena Donostiako portuaren ingurua. Oso polita eta atsegina iruditzen zait.

Paisaia bat Zarautzetik Zumaiara arteko kostaldeko paisaia.

Festa edo ospakizun bat Azpeitiko karnabalak. Ahal dudan guztietan parte hartzen saiatzen naiz.

Mendi bat Izarraitz, batez ere etxekoa delako.

Hondartza bat Zumaiako Itzurungoa. Ez naiz bertara joatekoa baina oso polita da.

G

ipuzkoatzen