elizondo - Urtea hastearekin bat, azken urteetako ohiturari jarraiki, (H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea prest dute Baztanen. Aurtengoa VI. edizioa izanen da, ilbeltzaren 20tik 26ra iraganen dena eta, beti bezala, literatura beltza oinarri hartuta, kultur ekitaldi desberdinek osatuko dute astea, liburuak izanen dira, solasaldiak, mahai inguruak, bazkariak, poesía, jolasak, eta baita ibilaldiak ere.

Idazleekin solasean ekimenetik abiatuta sortua da (H)ilbeltza, eta urtero bezala, Euskal Nobela Beltzaren Asteari hasmenta emateko Idazleekin Solasean saio berri bat burutuko dute, hain zuzen ere, Horace McCoy idazlearen Hobe nuen etxean gelditu liburuari buruz ariko da Fernando Rey itzultzailea Iruritako Gure Kaiola elkartean, 19.00etan. Merendu baten inguruan ariko dira bertaratutakoak.

Ilbeltzaren 22an, Anizen jarraituko du egitarauak, Anizko Elkartean, 19.00etan, Amaia Elizalderen eskutik Mirande beltza izeneko solasaldia izanen delarik.

Asteburura begira antolatu dituzte ekitaldi gehienak, orztiralean, errate baterako, Elizondon izanen da hitzordua, Arizkunenea Kultur Etxean. 19.00etatik aitzinera, Begoña del Tessoren eskutik Quentin Tarantinoren mesanotxeko liburuak izeneko solasaldia burutuko dute.

Larunbatean, urtero bezala, egun osoko egitarau oparoa izanen da. Hasteko, goizez, 11.00etan Arizkunenean, mahai inguru bat izanen da, Jon Alonso, Maribi Elizalde eta Eneko Bidegainek parte hartuko dute, Mundua Iturendik pasatu zenekoa gaitzat hartuta.

Goizekoa bukatuta Erratzura hurbilduko dira (H)ilbeltzazaleak eta bertako Etxelebert elkartean bazkalduko dute. Bazkarirako txartelak eskuratzeko ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidera idatzi beharko da.

Bazkal ondoan liburu aurkezpenen txanda izanen da, elkartean berean. Batetik, Alfontso Gartziandiak Itsu kolpeka agertuko du jendearen aitzinean, eta bertzetik, Josu Barambonesek, hau da, II. (H)ilbeltza bekaren irabazleak, Lardaska izenekoa, zeina Patricia Highsmithen The Blunderer liburuaren itzulpena den.

Ez da berehalakoan bukatuko larunbateko egitaraua, izan ere, 18.00etan hasiko da Susmagarrien gaua, zeinean parte hartzaileek Erratzun barna ibili beharko duten, prestatutako taldekako jolas parte hartzaile beltzean.

Igandean borobilduko dute Euskal Nobela Beltzaren Astea. Goizean, 11.00etan eginen dute hitzordua Amaiurren, Itzuli Beltza osatzeko. Kontrabandisten Eleak izenburupean, Amaiurko xoko desberdinetan barna ibiliko dira hurbiltzen direnak, antzeztutako istorioren batekin gozatu bidenabarrean.

Bete betetako asteari azken puntua igande ilunabarrean jarriko diote, Elizondon, Arizkunenean, 19.00etan, Poesiaren Kriminalak errezitaldiarekin.

Egunez eguneko ekitaldiez gain, ilbeltzaren 13tik 26ra bitartean, Begoña Durruty ilustratzaile arizkundarraren Bereterretxeren Kanthoria erakusketa ikusgai izanen da Arizkunenean, 17.00etatik 20.00etara. Mikel Laboa katedraren laguntza batekin osatu zuen lana, 2016an; animazio film labur bat egin zuen Laboaren bertsioarekin, eta lan hori izango da erakusketaren ardatza.