Txantreako denda-jabeak kexu agertu zaizkio alkateari aste honetan, Maya auzora jaitsi baita. Gero eta denda gutxiago, jabe aunitz adinez aitzinera, jabeen seme-alabak gogo gabe denda oinordetzan hartzeko, eta denda txikien aldeko kanpaina ofizialak, gehienbat, Alde Zaharreko eta Bigarren Zabalguneko saltokietara bideratuak. Nago ez ote diren auzoetako denda-jabe gehienak txantrearren irizkide izanen. Izan ere, mendea hasi zenetik, erakunde publikoek deus bultzatu badute, Bigarren Zabalguneko alde jakin bat izan da; hots, Karlos III.etik intendentziako orubean eraikitako merkataritza-gune ezagunera bitarte dauden karrika zabal oztoporik gabeak. Bertzelako egoera dute Bigarren Zabalguneko bertako bertze alde batzuetan, eta zer erranik ez, urrezko inguru horretatik pixka bat urrunduta. Oro har, gero eta gutxiago dira garai bateko auzo-dendak, denda moldea arras aldatu baita. Konparazio batera, azken urteotan, era guztietako ostatu, taberna eta kafetegiak irekitzeaz gain (tea eta zukua zerbitzatzeko, adibidez), erruz zabaldu dira apustu-etxeak, mugikor-dendak, tatuaje- eta piercing-dendak, ile-apaindegiak, bai eta azazkal-apaindegiak ere, erabat modan dagoena. Hortxe egoten dira dozena bat neska elkarren ondoan mahai luzeetan eserita, eta parez pare, bertze horrenbertze azazkal-apaintzaile, guztiak ere neskak. Azken buruan, dendak, garaian garaiko joera, moda, gustu eta ohituren erakusgarri dira. Baina agintarien erabakiek arras baldintzatzen dute auzoetako merkataritza. Konparaziora, aste honetan berean ere jakin dugu merkataritza-gune handi bat eginen dela Meca ondoko lursailetan. Eta hori, orain arte ikusitakoak ikusita, argi dago Iturramako eta inguruko denden kalterako izanen dela. Ikuskizun dago, ordea, horko saltoki-jabeak kexuka hasiko ote diren Pio XII.eko hartan hasi ziren bezala.