- Koronabirusaren harira, prebentzio neurriak hartzen ari dira Baztanen ere. Errate baterako, Baztango Udal Gobernuak, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin egindako bilkuraren ondotik, hainbat neurri hartu ditu. Giltxaurdi udal kirol instalazioak, Elizondoko kiroldegia, Arizkunenea kultur etxea, eta Baztango liburutegia martxoaren 29a arte hertsirik egonen dira. Horrez gain, astebururako programatuta zeuden kultur eta kirol ekitaldi guztiak bertan beheiti gelditzea erabaki du. Heldu den astera begira, martxoaren 18an egitekoa zen ordezko administrari ofizialaren hautaproba gibeleratzeko erabakia ere hartu du. Modu berean, Nafarroako Gobernuak eskolak garbitzeko emandako irizpideak Baztango eskola desberdinei eta udal eraikinak garbitzen dituzten enpresei jakinarazi zaizkie, kontuan har ditzaten.

Atzo ere, Udaleko Gobernu Taldeko kideek egoeraren inguruko balorazioa egiteko bilera egin zuen eta bertan, Baztango herrietako alkateekin koordinatuta, herriz herri etxean gelditu behar duten adineko pertsonendako edota egoera zaurgarrian dauden pertsonendako gutxieneko zerbitzua berma-tzeko protokoloa adostu zen. Norbait halako egoeran balego, bere herriko alkate edota kargodunekin harremanetan jar daiteke eta Udalarekin koordinatuta, beharrezko jakiak, botikak edo beharrezko duen hori hornituko diote, etxetik atera behar ez izateko. Telefono bidez ere eskainiko da arreta, astelehenetik ortziralera, bulego ordutegian Udalera deituz, 948 580 006 telefonora, eta ordutegi horretatik kanpo, 641 872 821 telefonoaren bidez.

Gainera, herritarrei jakinarazten zaie astelehenetik ai-tzinera Udalean egin beharreko tramiteak, ahal dela, telefonoz edota posta elektronikoz egitea, bertatik bertara oinarrizko eta beharrezkoak soilik artatuko baitira.

Administrazio publikoaren neurriez gain, azken orduetan hainbat ostatu, jatetxe, denda eta zerbitzuk sare sozialen bidez jakinarazi dute egoerak hobera egin bitartean beren ateak hertsiko dituztela.

Bitartean, denda, supermerkatu eta botiketan azken egun hauetan ohikoa dena baino mugimendu handiagoa sumatzen da. Bezeroak egunerokoan baino janari eta garbiketarako artikulu gehiago erosten ari dira, tartean, ber-tze leku aunitzetan gertatzen ari den bezala, komuneko paperaren, eskuak garbitzeko edota desinfektatzeko artikuluen eskasia sumatzen ari delarik.

Ber-tzalde, Erakunde desberdinek ere ondoko egunetarako antolatutako ekitaldi guztiak bertan beheiti uzten ari dira. Errate baterako, atzoko egunerako programaturiko hitzaldi, kontzertu eta ikuskizunak ez ziren gauzatu. Gaurko Lurpea elkarteak antolatutako Lezeen Eguna ere gibelatu dute. Arkupeak jubilatu eta pentsionisten elkarteak ere, Andaluziara martxoaren 14tik 21era bitartean egin beharreko oporraldia ez egitea deliberatu zuen, bidaia heldu den urtera gibelatuz.

Hertsirik. Giltxaurdi udal kirol instalazioak, Elizondoko kiroldegia, Arizkunenea kultur etxea, eta Baztango liburutegia martxoaren 29a arte hertsirik egonen dira. Programatutako kultur eta kirol ekitaldiak bertan beheiti gelditu dira.

Etxez etxeko zerbitzua. Etxean gelditu behar duten adineko pertsonendako edota egoera zaurgarrian dauden pertsonendako gutxieneko zerbitzua bermatzeko protokoloa adostu da herrietako alkateekin, etxetik atera behar ez izateko. Etxean janari, botika edo behar dutena hornituko zaie.

Eremu pribatua. Administrazio publikoaz gain, Baztango denda, ostatu, jatetxe eta zerbitzu auni-tzek prebentziorako hautua egin dute eta egoera bere onera itzuli arte beren ateak hertsiko dituztela iragarri dute. Ordutik ordura gero eta gehiago dira erabaki hau hartzen dutenak.