Síguenos en redes sociales:

'Erabiliaz' proiektua martxan Baztango ikastetxeetan

Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du, haur eta gazteak euskarara hurbiltzeko

'Erabiliaz' proiektua martxan Baztango ikastetxeetan

- Euskalgintzaren Kontseiluak, gazteak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea helburu duen Erabiliaz egitasmoa abian jarri du, euskararen etorkizuna bultzatzeko haur, gazte eta nerabeen belaunaldia ezinbertzekoa dela iritzita.

Euskal Herriko zonalde desberdinetako ikastetxeetara zabalduko den proiektua Baztango ikastetxeetan hasi da martxan, Baztan Ikastola, Elizondoko, Amaiurko, Iruritako, Erratzuko, Arizkungo, Oronoz-Mugairiko, Azpilkuetako, Arraiozko, Gartzaingo eta Lekarozko eskola, eta Lekaroz BHI institutuan.

Ariketa honen baitan, Euskaraz bizi nahi dut lelopean euskara eta euskal kultura ardatz duten lanak sor-tzera animatzen ditu haur eta nerabeak, eta gerora webgune batean edota bertzelako euskarri batean ikusi ahal izanen dira; errate baterako, Haur Hezkuntzan muralak, marrazkiak eta abestien koreografiekin egindako bideoak landuko dituzte; Lehen Hezkuntzako lehenbiziko eta bigarren zikloan marrazkiak eta euskarari buruzko abestietan oinarritutako bideoak; hirugarren zikloan marrazkiak eta ipuin laburrak; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, berriz, bertsoak, ipuinak, logoak, Egunean Behin jokoa, Youtube saila, dokumentala edota bideo laburrak landuko dituzte, bertzeak bertze.

Haur Hezkuntzakoen marrazkiak bidaltzeko epea bihar bukatuko da, idazkari-tza@kontseilua-eus helbidera bidali behar dituzte eta bideo-koreografiak bidaltzeko, aldiz, martxoaren 31ra arteko epea dago. DBHkoek, beren lanak apirilaren 16rako bidali beharko dituzte.

Ariketan parte hartzea saritu eginen dute, lanketaren bukaeran parte-hartzaile bakoitzarendako opari txiki bat edo gelarako opari sorta bat emanez.