tzo goizean, bi ibiltari atera ziren karrika Nagusitik Takonera aldera, motxila handiak bizkarrean, makilak eskuetan, maskorra lepotik dilindan. Erromesak. Auskalo nondik zetozen eta nora zihoazen. Ezin jakin Luzaidetik, Orreagatik edo Zubiritik abiatu ote ziren, edo Gares, Lizarra edo Errioxako muga izanen ote zuten helburu. Haratago ezin joan. Izan ere, Nafarroa alderik alde zeharkatu dezakegu, baina kanpora atera ez. Ezinbertzean egokitu behar izan dugu izurriak ekarritako atakara. Horrela, gaupasarik ezean, erruz areagotu dira atsalde-pasak hiriburuan, gaitz berria heldu aurretik zabaltzen hasitako usadioari jarraikiz. Bermuta, bazkaria, bazkalondoko jeriguai edo gin-tonicak eta, arratsaldeko "ordu luzeetan", etxera. Gaueko "ordu txikiak" iraganeko kontua baitira. Azkenaldian ere, Nafarroako zenbait herritara lagunartean egun pasa joateko ohitura zabaldu da. Lizarra, Tutera, Doneztebe edo Elizondora joan, bazterrak ikusi, bazkari ederra egin eta, ilunabarrean atzera, Iruñera. Zenbait herritako jatetxeek Nafarroa Oinezen tamainako txosna estali ikusgarriak paratu dituzte, Iruñetik samaldaka heldu direnei aterpe segurua eskaintzeko. Mikrobusak ere alokatzen ari dira horrelako txangoak egiteko. Hori guztia gure muga foralen barnean, jakina. Hondarribia gure esku gelditu izatera, behintzat, itsasoa ikusteko aukera izanen genuen Nafarroatik atera gabe. Zer erranik ez, Perico Alejandriaren asmo hura bete izatera, hau da, itsasoa Arrotxaperaino ekarri izatera. Iruinxemearen asmoa, ordea, asmo gelditu zen, eta horrek izugarri areagotu du gugan kostaldera joateko gogoa, irrika, grina, hainbertzeraino, non, hamaika trikimailu erabiltzen ari omen baitira Donostia, Zarautz edo Hondarribira bertara joan, kresala usaindu eta itsasoaren zabaltasuna gozatzeko. Aspaldian errana baita: zer ments, huraxe amets.