Síguenos en redes sociales:

Baztan Ikastolaren 50 urteko historia argazkitan

Urteurreneko erakusketan ikastola sortu zutenetik gaur egunera arteko bizipenak laburbildu dituzte

Baztan Ikastolaren 50 urteko historia argazkitanOndikol

Baztan Ikastolak 50 urte bete ditu aurten, eta urteurren borobil hau gogora ekartzeko eta ospatzeko asmoz, hainbat ekimen garatzen ari dira, nahiz eta bizi dugun osasun egoerak, hein batean bederen, hasierako asmoak baldintzatu dituen. 50 urteko historian zehar hainbatetan bezala, bidean jarritako oztopoak gainditzea egokitu zaio Baztan Ikastolari aurtengo ikasturtean ere, eta gogoz eta ilusioz urtebetetzea ospatzen ari da.

Ikasturte hasieran 50. urteurrenerako prestaturiko logoa margotu zuten ikastolaren goitiko eta beheitiko eraikinetan, gainera, kamiseta eta musukoak ere egin zituzten. Ikastolako parte izan diren ehunka lagunek ateratako hamarnaka argazkirekin ere bideo eder bat osatu zuten, eta ikastolan berean egiten ere ari dira urteurrena lantzen.

Horrez gain, CD-DVD bat grabatzen ari dira eta ikasturtea bukatu baino lehen prest izanen da.

ERAKUSKETA Atzokoan berriz, Baztan Ikastolaren 50 urteko ibilbidea laburbiltzen duen argazki erakusketa inauguratu zuten. Elizondoko Foruen plazan. Biolin doinuak lagunduta, bertso bat eta hitz eder batzuk partekatu zituzten kioskotik, haurrei grabatutako ikastolarekiko sentimentuak ere elkarbanatuz.

Gero, txalapartaren doinupean bertaratutakoak Arizkunenera abiatu ziren, erakusketa ikustera. Hasieratik gaur egunera arteko gertakari desberdinak agertzen dira argazkietan, baita aretoak atontzeko erabilitako ikasmaterial eta gailu aunitz ere. 85 argazkitan, ezin denak agertu, Mikel Hualde erakusketa prestatzen aritu den guraso elkarteko kideak azaldu duenez "ezinezkoa da gertakari guztiak agertzea, ehunka argazki aztertu ditugu eta aukeraketa bat egin behar izan dugu". Lan handia izan dute, argazki pila bat ikusi, dijitalizatu, aukeraketa doitu eta azkenean erakusketa osatuko zutenak inprimitu eta erakusketa bera prestatu. Gustura egin du lana Hualdek, "esperientzia arras polita izan da, argazki bidez ikastola nolakoa zen, nola eboluzionatu duen eta zenbat gauza egin diren ikasteko baliagarria".

Atzo inauguratutako erakusketa ikusi zutenen artean gaur egungo ikasle, guraso eta irakasleak zeuden, baita bortz hamarkada hauetan ikastolan ibilitako aunitz ere. Harridura aurpegiak ikus zitezkeen, zorion aurpegiak ere garai bateko kontuak gogoratzerakoan, eta noski, hunkituta agertu ziren bertze aunitz ere. Hunkituta ikastolak bidean aurkitutako trabak gainditzeko egindako borrokarengatik, baita sortutako komunitateaz harro daudelako ere, eta batez ere, erakusketako argazkietan gaur egun gure artean ez dauden hainbat lagun agertzen direlako, tartean, gazteegi hildako ikasleak ere. Apirilaren 25era arte bisitatu ahal izanen da.