Magnesitas Navarras (MAGNA) enpresak aitzinera jarraitzen du Erdiz inguruan meategi bat irekitzeko egitasmoarekin, eta lau bilera informatibo antolatu ditu hilaren 29 eta 30erako eta maiatzaren 5 eta 7rako, Baztango kuartela bakoitzean bilera bat eginen du. Bilera horietan, Erdizko bazkalekuko larreak erabiltzen dituzten abeltzainei bazkalekuan abeltzaintza estentsiboa sustatzeko helburuz MAGNAk prestatu duen proposamena. Magnesitas Navarrasek azaldu duenez, bere planteamendua "larreetan aditua den baten txosten sakon batean oinarrituta dago, eta bertan zenbait neurri planteatzen dira". Zubirin egoitza duen enpresak dioenez "% 60raino handituko litzateke larreetako abere kopurua hartzeko ahalmena, Erdizen bertan eta inguruko eremuetan, meatze-proiektuarekin bateragarria eginez".

Hurrengo bi asteetarako iragarritako bilerak gaztelaniaz zein euskaraz eginen dira, eta kuartel bakoitzean bana egiagatik, bakoitza hobekien datorkion bilerara joateko aukera izanen du. Lehenbiziko bilera apirilaren 29an, 19.00etan izanen da Amaiurko Herriko Etxean (Baztangoizako kuartela); apirilaren 30ean bigarrena, 17.00etan Iruritako Damaso Zabalza gizarte bilgunean (Erberea); hirugarrena maiatzaren 5ean burutuko da, 19.00etan Elizondon, Arizkunenea kultur etxean (Elizondoa) eta azkena, berriz, maiatzaren 7an, 19.00etan Berroetako batzar-gelan (Basaburua).

Bilerek ordubete inguruko iraupena izanen dute, eta Covidaren aurkako protokolo guztiak beteko dira. Jardunaldi horietan, halaber, interesdunek Magnesitas Navarras enpresari euren kezkak eta iradokizunak helarazteko bide guztiak zehaztuko direla iragarri du Magnesitas Navarrasek.