araiz iritsi dira egunotako langarrak Iruñerriko alorren mardulgarri. Bazterrei oparotasuna darie. Ezkabako tuneletatik ateratakoan, konparaziora, zut eta eder ageri da Iruñea zaharraren irudia zeruaren kontra, erripan gora altxatua, mendiz inguratua, koltza-soro horien eta ederki hazitako garien artean. Mendeetako irudi horrek, ordea, puska baterako baizik ez du iraunen, Salestarren lurretan haziko diren etxe-orratzek ikuspegia erdi-erditik urratu arte. Etxepare Aldudeko mediku eta idazleak irudi hura ekarri zuen paperera, 1933an: "Iruña! Iruña!... hona non dugun berehala begien aitzinean, muino ttipi bateko ordoki-gainean jarria, iduri alde orotarat so: baituke ere zeri egon beha, muinoa zelaiaren erditik eraikitzen delakotz, eta zelaia bera arestiko mendi urrunek dutelakotz hesten hala eguerditik nola ipar aldetik". Horra harresiz kanpoko ikuspegia. Harresiz barnean, berriz, garia eskuz biltzen zenean erabiltzen zen tresna bat dugu berriz ere boladan. Atzo, konparaziora, ezin konta ahala igitai agertu ziren marrazturik, mailuarekin batera, maiatzaren 1aren karira. Ondoan, "langile boterea eraiki" eta gisako hitzak, garai bateko Laia edo Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdiaren oinordekoak, nonbait. Pintada-egileak edo sinatzaileak aunitz, ezker abertzaleko gazte mugimendu zatitu eta arrailduarekin bat. Tira, Laia hartan ere, barne zatiketa gertatu zen: Laia bai eta Laia ez, baina handik gutxi samarrera, bi adarrak desagertu egin ziren. Pintada batek, ordea, luzaz iraun zuen, sigla-dantza haren oroigarri, Arabako Lautadan, errepide bazterrean, XXI. mendea hasi arte: "Laia, ez gaituzte desegingo". Bidenabar errateko, mende berriak ere bi pintada gogoangarri eraman zituen gure karrika meharretatik. Bata, Espoz y Minakoa, Germanen oroimenez ,eta bertzea, San Nikolasko hormakoa, antinuklearra.