Aurten, hirugarren aldiz, Pirinioetako Euskara Zerbitzuen artean Pirinioetako III. Mikroipuin Lehiaketa antolatu dute eta sari banaketa ekitaldia apirilaren 30ean, ostiralean, izan zen Ezkarozen, Zaraitzuko Ibaxako Etxean.

Lehiaketaren helburua euskararen sormena eta idazmena sustatzea da eta hiru kategoriatan dago banatua: eskola artekoa, 16 urtetik gorakoentzako kategoria orokorra eta 16 urtetik gorakoentzako euskara ikasleen kategoria.

Guztira, ia 300 lan aurkeztu dira. Eskolei dagokienez, 190 lan aurkeztu dituzte eskualde osoko ikastetxeetan dauden Pirinioetako ikasleek. Hain zuzen ere Auritz, Aurizberri, Erro, Garralda, Otsagabia eta Erronkariko eskoletara joaten diren ikasleek parte har zezaketen, lehen hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arte.

Lehen hezkuntzako 3-4 kategorian, lehen saria Hiriberriko Jon Nazabalek lortu zuen eta bigarrena Ezkarozeko Carlota Pinok. Lehen hezkuntzako 5-6 kategorian, lehen saria Otsagabiko Aiora Goienetxek eskuratu zuen eta bigarrena Aintzioako Eidur Ekisoainek.

DBHko 1-2 kategorian Itzaltzuko Amane Sancetek erdietsi zuen lehen postua eta Orbaizetako Irune Erdozainek bigarrena.

Azkenik, DBHko 3-4 kategorian lehen saria Orbaizetako Iraia Ziaurritzentzat izan zen eta bigarrena Izabako Ainara Sarriasentzat.

16 urtetik gorakoentzako bi kategoria zeuden: orokorra eta euskara ikasleena eta 101 lagunek bidali dituzte beren lanak.

Euskara ikasleen kategorian 32 lan aurkeztu dira eta orokorrekoan 69. Aipatzekoa da Pirinioetako eskualdeko idazleez gain, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko anitzek parte hartu dutela, hala nola Valentziako bik eta Argentinako batek ere.

Euskara ikasleen kategorian, lehen saria Urnietako Alba Cabrerak lortu zuen eta bigarrena Carolina Otero valentziarrak. Kategoria orokorrean, Elena Aierbe tolosarrak irabazi zuen eta Xabier Ariznabarreta bigarren gelditu zen.

“Joan den urtearekin alderatuta helduen kategoria orokorrean aurkeztu direnen kopurua hirukoiztu da. Lanak aurkeztu dituzten Pirinioetako parte-hartzaile kopurua ere igo da, 9tik 15era, eta guretzako hori pozgarria da. Euskara ikasleen kategorian kopurua antzekoa izan da. Hortaz, balorazioa ona da eta datorren urtean bertakoak parte hartzera animatu nahi ditugu”, esan zuen Tere Iribarrenek, Artzibar-Auritz-Erroibar-Luzaide-Orreagako Udaletako Euskara Zerbitzutik.

Balorazioa. Euskara Teknikariek egin zuten lehenengo aukeraketa, 5 lan kategoria bakoitzeko, eta ondoren, eskoletan. Helduen kategorietan, Josu Jimenez Maia, Xabier Diaz Esarte idazleak eta Dabid Lalana Salbotx, Erronkari eta Zaraitzuko Euskara teknikaria, aritu ziren epaimahaian.

291

190 lan ikasleen kategorian eta 101 helduenean.