Erdiz Bizirik plataformak, Erdizen harrobia egin nahi duen Magnesitas Navarras (Magna) enpresak Baztango Batzar Nagusiko kideei Erdizen egin asmo duen meategiaren proiektua azaltzeko bileraren harira, Magnaren jarrera kritikatu du.

Plataformako kideen iritziz, proiektu honek ez du deus berririk ekartzen, eta “duela 14 urte bezalaxe Magnaren proiektuak Baztango hain garrantzitsua den Erdizeko parajea suntsitzea ekarriko luke”. Erdiz bizirikek dioenez, bileran “herritarren ordezkariek egindako galderak saihestu zituzten Magnako kideek eta nabarmen gelditu zen ez dutela inongo asmorik herritarren hitza errespetatzeko. Berriz ere multinazionalaren intereserako den proiektu bat inposatu nahi digute gure bizimodua eta lurra suntsituz”, eta Magnak baztandarren artean egin nahi duen prozesu parte hartzailea “iruzurra” dela salatu du plataformak.

Enpresak Zubirin dauden 240 lanpostu defenditzen duela aipatu zuen bileran, baina plataformako kideen ustez ez da horrela, “multinazional hauen interesa kapitala pilatzea bertzerik ez da”. Gainera kolektiboak salatzen du “proiektu honek sostengagarriak ez diren lanpostuak mantentzearen truke mendez mende eta etorkizunean gure bizimodua ahalbidetzeko beharrezkoak diren lanpostuak desagerraraziko” lituzkeela.

Plataformak bidalitako oharrean, joan den astean argitaraturiko Nazio Batuetako klimaren inguruko txostena ekartzen du gogora, bizi dugun egoera klimatikoa arras larria dela nabarmenduz. Honen harira, Magna bezalako enpresak egiten ditu egoera honen erantzule nagusi, “Nafarroan gehien kutsatzen dutenen artean” daudelako. Beraz, plataformako kideen iritziz “Nafarroako etorkizunean ez du zentzurik horrelako enpresen jarduera mantentzeak”.

Nafarroako Gobernuari ere zuzentzen zaizkio oharrean, erranez, berari dagokiola jarduera horiek ordezkatzeko politikak bideratzea lanpostuak mantentzen diren bitartean, izan ere, “ezin da onartu aldaketa klimatikoaren kontra dagoela erratea eta horrelako proiektu suntsitzaileak babestea”.

Bukatzeko argi utzi dute ez dutela proiektu hau onartuko, ez bada gelditzen, “gure esku dauden bide guztiak erabiliko” dituztela gaineratuz. Bide horretan, plataformak herritarrei dei egin die, “heldu diren hilabeteetan eginen diren deialdietara erne egoteko eta haietan parte hartzeko”.