z dakit inoiz jakinen ote dugun egiazki zer gertatu zen lehengoan Kongresuan, baina badakigu nor den oraingoz irabazleetako bat, hiriburuko alkatea, lasai ederrean emanen baitu bere azken urtea. Bazirudienean talde sozialistak jarrera tinkoagoa agertuko zuela Mayaren aurka, hara non heldu zitzaion heldulekua alkateari. Eta helduleku hori beste behin ere, enegarren aldiz, Esporrin andrea izan da, nahiz eta duela zortzi egun bertzelakoa erran zuen sutsuki egunkari honetan. Hortaz, ikusirik Madrilgo sozialistek udal eledun sozialistari inposatu eta PSNk onartutako umilazioa, Esporrinek dimisioa eman beharko luke, lotsarik batere balu. Zeren, alkatearen hitz xenofoboak gaitzestea ur errea baita, ondotik deus egiten ez bada. Hain zuzen ere, alkatearen jokamoldea izan da ardatz Santa Ageda bezperako kopla berrietan, dela gazte atzerritarrei buruz erran dituenengatik, "Iruñeko alkate jaun hori ez gaude zurekin ados, ahoa zabaltzen duzunean, aizu, iduri duzu Vox"; dela Sanferminen inguruan duen jarreragatik, "Herritarrok hautatzen genuen nork piztuko suziria, baina orain Maya alkateak sartu nahi digu ziria"; dela haur eskoletan euskarari gero eta traba handiagoa paratzeagatik, "Hiriko euskal haur eskoletan nabarmen atzera goaz. Gure oihua entzun bezate, auzo orotan euskaraz". Nago oihu hori ez ote luketen entzun behar Europa aldean. Erran nahi baita, urte sail luzean, Euskara Kultur Elkargoak eraman zituen Europara Nafarroako jende euskaldunari urratzen zitzaizkion eskubideak. Orain, ordea, inor arduratzen al da bide horretaz? Edo inork ez ote du sakon aztertuko juridikoki alemana eta ingelesa euskararen gainetik jar-tzeko dekretua, afera auzibidera eramateko? Ez ote da horretaz dakien abokaturik, aditurik, legelaririk? EAJk Europara eraman du Laudioko epaia. Nork eramanen ote du Nafarroan gertatzen dena?