Síguenos en redes sociales:

Haur Eskolen 41 eguneko greba duintasunaren alde

Erkidego osotik hurbildutako ehunka lagun manifestatu ziren larunbat honetan Elizondoko karriketan Nafarroako 0-3 Plataformak deituta

Haur Eskolen 41 eguneko greba duintasunaren aldeOndikol

Ehunka lagun manifestatu ziren larunbat honetan Elizondoko karriketan Nafarroako 0-3 plataformak deituta Nafarroako Haur Eskolen lan baldintza duinak aldarrikatzeko. Duela hilabete batzuk hasitako mobilizazioek aitzinera jarraitzen dute, eta pasa den maiatzaren 2tik greba mugagabean daude Foru Erkidegoko hamarnaka haur eskola. 41. greba eguna zuten larunbatekoa. Haur eskoletako baldintzak hobetzea eskatzen dute, laburbilduz, soldatak handitzea eta ratioak jaistea eskatzen dute, langileen lan baldintzak hobetzeko eta haurrek merezi duten arreta eman ahal izateko.

Eguraldia ona lagun, Nafarroako eremu desberdinetatik etorritako haur, guraso eta oro har, herritarrek hartu zuten parte larunbat honetako manifestazioan. Iturengo joaldunek, hartzarekin batera, ireki zuten martxa, eta hetsi, berriz, Baztango Tuku-tuku txarangak. Bien artean, marea horiak uholde bat eragin zuen Elizondoko karriketan. Ehunka herritar eta pankarta aunitz, Haur Eskoletako mobilizazioetan nabarmentzen ari den kolore horia zen nagusi, pankarta aunitzekin batera. Banan bana, Nafarroako toki bakoitzeko haur eskoletako langile eta erabiltzaileak, bakoitza bere aldarrikapenarekin, besta giroan, baina aldarrikapenak oihukatuz, elkartzeko arrazoia atzendu gabe, hau da, haur eskolen duintasunaren aldeko borrokan tinko jarraituko dutela gogora ekarriz. Haurtzaroaren aldeko defentsa egin zuten, langileen baldintza duinen aldekoa, bizitzaren aldekoa, funtsean.

Herriari itzulia eman zion manifestazioak, Elizondoko Foruen Plazan akitzeko. Bertan, Kristina Goñi, Baztan Haur Eskolako zuzendariak hartu zuen hitza.

Nabarmendu zuen gogorra bezain hunkigarria izaten ari dela borroka, “41.greba egunean, oraindik, ez dugulako Nafar Gobernuaren partetik inolako akordio edota proposamenik. Duintasuna dugu aldarri: duintasuna haurrentzat, duintasuna langileentzat, eta beraz, duintasuna familientzat. Haurtzaroaren zaintza ez al da ba denon ardura?”

60 haur eskola greban daudela gogora ekarri zuen, “inoiz baino elkartuago eta inoiz baino indartsuago gaude: Nafar hegoaldetik iparralderaino eta mendebaldetik ekialderaino”. Argi erran zuen, “haurtzaroa maite dugu eta gure lanean sinesten dugu, baina prekarietate egoeran lan egiteaz nazkatuta eta nekatuta gaude”.

Borroka honen baitan familiek eta herritarrek emandako berotasun eta laguntza bihotzez eskertu nahi izan zuen.

Horrez gain, itxaropena agertu zuen heldu den asteazkenean Nafar Gobernuarekin egon beharreko bilerarengan, izan ere, exekutiboak aurkeztu beharreko proposamenak gutxiengo duintasun baldintzak betez gero, 0-3 plataforma prest baitago greba bertan beheiti uzteko.