Mendez mende Euskal Herriko, eta partikularki Baztango ohitura eta errituak aldatzen joan dira jendartearekin batera, baina haietako batzuk belaunaldiz belaunaldi pasatu dira eta gaur den egunera arte ailegatu zaizkigu. 15 herriko bailara honetan adibide aunitz aurki ditzakegu, baina beharbada, erritu edo ohitura horiek hobekien mantendu dituen herria Arizkun da. Urte guztian zehar oraindik egiten diren adibide desberdinak ditugu, batzuk aipatzearren: Egun ttun-ttun, Gizakunde, hartza eta sagardantza biltzen dituen inauteria, Maiatzeko erreginak (berreskuratu ondotik azken urteetan ez da egin), kirikoketa besta, edo udako solstizioarekin batera egiten diren suak, gaur egun San Juan besten baitan. Aipaturiko ekitaldi guztietan dantza eta musika izaten da protagonista nagusia, eta ohitura edo erritu horiek mantentzearekin batera arizkundarren musikari eta dantzari onen ospeak historian zehar iraun du.

17 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten txopoa goratzeko.

Zoritxarrez, azken bi urteetan aipaturiko ekimen gehienak ezin izan dira egin, baina aurten, poliki-poliki berreskuratzen ari dira, horien artean, herriko bestak.

19 metroko txopoa trebezia handiz mugitu zuten.

San Juan bestak atzo abiatu zituzten Baztangoizako herrian. Eta, nola ez, sinbolismoz beteriko detailerik ez zen falta izan atzo, bi urtez bestarik gabe egon ondotik, jendea gogotsu eta ilusioz gainezka zegoen Arizkungo plaza borobilean. Zerua ilun zegoen, baina lehenbiziko altxaferoa bota eta ezkil jotzea hastearekin batera, hodeiak beldurtu zirela ematen zuen, argitasun punttu bat agertuz.

Ondotik plazan bandera dantzatu zuten eta gero, aspaldiko ohiturari jarraiki, indarrez eta trebeziaz jantziriko herritarrek 19 metroko bat hartu eta plaza bazterrean zutik jarri zuten, bestak piztu direnaren seinale. Igande arratsera arte egonen da zutik. Arratsean, Baztan Zopak dastatu zituzten.

Gaurkoa ere berezia izanen da Arizkunen, San Juan bezpera. Eguerdian Tukuketa erraldoia eginen dute, “Baztango tribiala” aintzat hartuta. Arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da Hauspolariek taldearen eskutik, eta bi dantzaldien artean bestetako momentu berezienetarikoa iraganen da, udako solstizioari loturiko suak. Ezkilak jotzen ari diren bitartean, karrikaz karrika, etxeen atarietan suka piztuko dituzte eta herritarrek eta bertze hainbat tokitatik etorritako bisitariek herria su guztien gainetik saltoka zeharkatuko dute. Suen aitzinetik, dena den, aurten ekitaldi bertze ekitaldi eder bat izanen da, azken hilabeteetan prestatzen aritu diren ezpata dantza erakutsiko baitute herriko gazteek.

Ortziralean zaindariaren eguna ospatzeaz gain, Arizkun Rocken 8. edizioak jendetza bilduko du, eta larunbatean eta igandean ere ekitaldi ugari izanen dituzte bestak bobobiltzeko. l