Azken hilabetetan su goxoan egosten ibili ondotik, larunbatean, uztailaren 2an aurkeztuko dute Lesakako Plaza Zaharrean Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendu berria. 12:00etarako egin dute hitzordua. Bortzirietako euskaltzaleei Lesakako plaza euskararen alde betetzeko deia egin diete. Bertsolariak, dantza, antzerkia, musika... euskal kulturak presentzia nabaria izanen du aurkezpenean, baita irudiak ere. Aurkezpenarekin batera marraztuko dute Bor-borren asmo eta ideiak biltzen dituen horma-irudia zuzenean eta ondotik denak batera musikarekin lagunduta ibiltaria izanen den horma irudia bere lehenbiziko tokian paratuko dute. Lesakakoa izanen da horma-irudiaren lehenbiziko geldialdia, baina, udan batetik bertzera ibiliko da Bortzirietako bortz herrietan barna.

Lesakan gaur eginen duten aurkezpen publikoaren ondotik, horma-irudia Bortzirietako bertze lau herrietara eramanen dute eta bertan aurkezpen txikiak eginen dituzte udan Bor-bor ezagutarazteko. Udako aurkezpenen ondotik, irailean, ikasturte berriarekin bat ekinen dio euskaltzaleen mugimendu berriak bere jardun iraunkorrari.

Nondik sortu da?

Iazko udaberrian plazaratu zuten Bortzirietan euskalgintza artikulatzeko modu berri baten beharra mahai gainean. Orduan, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatuta, hausnarketa prozesu bat paratu zuten martxan, eta bertan eratu zen Bor-borren ernamuina izanen zen lantaldea. Geroztik, urtebetez euskaltzale talde bat jardun da etorkizuneko Bortzirietako euskalgintza artikulatuko zuen mugimendu edo talde baten sorrera prozesuan lanean.Lantalde hori su goxoan aritu da Bor-bor sortzeko lanean, egin beharreko lanak identifikatzen, antolatzeko modu berriak sortzen eta mugimenduaren oinarriak ezartzen. Horiek denak aurkeztu zituzten apirilean egindako batzarrean eta lagun gehiago aritu dira etorkizuneko Bor-borren lan ildoak marrazten .