Santio eguneko arratsaldea ere ekitaldiz beterikoa izan zen. Batetik, etxeko ttipienendako perkusio tailerra izan zen Merkau Zelain, musikarekin gozatzeko aukera ederra izan zuten bertaratutakoek.
Bertzalde, handik hurbil, Iriarte pilotalekuan jendetza bildu zen, azken urteetan Santio egunean izan ohi den herri kirol jaialdiarekin gozatzera. Aurtengoa gainera berezia zen, izan ere, talde nahikorik ez zela eta 2018tik ez da Nafarroako Herriz Herriko txapelketarik ospatu, eta aurtengoan itzuli da. Astelehen honetakoa txapelketaren lehenbiziko jardunaldia izan zen. Parte hartzaile aunitz elkartu zen bertan, izan ere, maila nagusiko eta 21 urtez azpiko mailak izanen dira aurten, eta guztira 11 taldek hartuko du parte, 7 maila nagusian (Arantza, Araxes, Arraioz, Basaburua, Berriozar Goizueta, Sunbilla) eta 4, 21 urtez azpikoetan (Antsoain, Araxes, Berriozar, Igantzi).
Maila nagusian lau jardunaldi eta finala jokatuko dira, eta talde bakoitzak 2 jardunalditan hartuko du parte. Denbora guztiak gehitutakoan denbora onena lortzen duten 4 taldeak Añorben, abuztuaren 27an jokatuko den finalera sailkatuko dira. Gazteen mailan, hiru jardunaldi jokatuko dira liga sistema bidez
Astelehen honetan Elizondon, maila nagusian Arantza, Arraioz, Berriozar, Goizueta aritu ziren nor baino nor, bi proba konbinatutan. Lehenbizikoan, lokotx biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, korrika eta arpanarekin, bigarrenean, txinga-eramaten eta ingude altxatzen.
Gazteen mailan, aldiz, Lokotx biltzen, zaku lasterketan, txinga eramaten, korrika eta arpanan.
Ikusmin handia piztu zuen Herriz Herriko txapelketaren lehenbiziko jardunaldiak, eta lehia eta emozio ederraz gozatzeko aukera izan zen. Azkenean, maila nagusian bi proba konbinatuak kontuan hartuta, Arantza izan zen azkarrena, bigarrena Arraioz, hirugarrena Goizueta, eta laugarrena Berriozar. Gazteen mailan, berriz, Araxes nagusitu zen, eta Berriozar, Igantzi eta Antsoain sailkatu ziren ondotik.
Eta arratsaldeko bertze ekitaldi nagusia Foruen Plazan izan zen, aspalditik ohikoa den bertso saioarekin. Urko Gartzia, Ekhiñe Zapiain, Josu Sanjurjo, Xabier Silveira, Alaia martin eta Amets Arzallus aritu ziren oholtza gainean , eta Aitor Almandozek bete zituen gai jartzaile lanak. Nola ez, Mañukorta, zendu berria ahotan izan zuten bertsolariek astelehen honetako saioan, egunerokotasunarekin loturiko bertze hainbat gai bezala. Leporaino beteriko plazan ederki gozatu zuten bertsozaleek.