San Migel besten txupinazoa gaur arratsaldean botako dute, baina, ohi bezala, aitzineko asteburuan ere hainbat ekitaldi ospatu dituzte. Larunbat arratsean herriko dantzarien emanaldia ederra izan zen eta igande eguerdian Biltoki elkarteak antolatutako lehiaketara aurkeztutako zortzi gazten artean, Argaratebereko Mari Joxe Lizardirena nagusitu zen. Argarategaraiko Elena Retegirena bigarren izan zen eta Argiñenbordako Carmen Larralderena hirugarren.

Larunbat goizean gosaria eta plater-tiroketa izan zuten Ziobin. Eguerdian herriko pilota pilota txapelketen finalak jokatu zituzten. Frontenisean, Andoni Espelosinek eta Mikel Urtxegi Dorronsorok 30-22 irabazi zieten Enaitz Telletxea Sein eta Igor Antxordoki Mutuberriari.Eskuz, pilota goxuarekin, berriz, Enaitz Telletxeak eta Beñat Iantzik 22-17 irabazi zieten Iñigo Telletxeari eta Joseba Bertizi. Arratsean herriko dantza taldeak emanaldi ederra eskaini zuen. Hainbat lagun bildu zen emanaldia ikustera.

Igande goizean karrika buelta egin zuten txistulariek eta eguerdian, aipatutako gazta lehiaketaren hamazazpigarren edizioa eta ardo dastaketa. Honetan, lau upategietako ardoak dastatzeko aukera izan zen frontoian. Arratsaldean karrika buelta egin zuten kankailu eta buruhandiek eta beraiekin batera hainbat neska-mutikok eta besta aitzineko asteburua borobiltzeko, gazta eta opil dastaketa izan zuten trikitilariekin.

Txupinazoa

20:00etan altxaferuarekin eta Elutxa txarangaren doinuekin abiatuko dira Igantziko sanmigel bestak. Aitzinetik, 17:00etan, goitibehera txapelketa izanen da eta ondotik ere hainbat ospakizun prestatu dituzte. Gaur arratseko txupinazoaren ondotik ere Elutxa txaranga ibiliko da eta karrika buelta eginen dute kankailu eta buruhandiekin, gaiteroek alaitua. Elutxa txaranga ibiliko da gau osoan.

Bihar San Migel egun handia ospatuko dute. Igantziko abebatzak kantatutako Meza ondotik, herriko ezpatadantzarien saioa. 17:30ean pilota partidak: Kattin Madariaga eta Nahia Bertiz, Ainitze Martinez eta Amaiur Martinez ahizpen kontra. Oian Canabal eta Joseba Aldabe, Julen Alberdi eta Diego Iturriagaren kontra. 21:30etik 23:00etara Txamukos mariatxiak.

Asteburuari begira, Bestabusa ibiliko da eta Puntu Lila ere izanen dute.

KOPURUA

  • 8 gazta aurkeztu zituzten lehiaketaren 17. edizioan.

KONTZERTUA

  • Larunbatean. Herriko gazteen eskutik, Bad Sound System taldeak kontzertua emanen du larunbatean 22.00etan. Ondotik betizuak izanen dira plazan.