Baztan-Bidasoko Pentsionistak elkarteak deituta elkarretaratzea egin dute astelehen eguerdian, Berako Toki Ona institutuaren atarian. Osasun arreta eta lan baldintza duinak eskatu dituzte, baita, bizi duina izateko guttieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadila ere.

Astelehenero hamarnaka plazetan aldarrikatzeaz gainera, bertze mobilizazioak eginen dituzte heldu den hilabetean. Hasteko, maiatzaren 13an manifestazioak deitu dituzte hiriburuetan, iragarrita dagoen pentsioen erreforma bertan behera utzi dezaten. Gasteizen, berriz, elkarretaratzea deituta dute maiatzaren 25ean, guttieneko pentsioak osatzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko Legebiltzarreko eztabaida dela eta. Iruñean, gai hauetaz eginen den mobilizazioa maiatzaren 29an izanen da. Maiatzaren 15ean, hauteskunde kanpaina aprobetxatuz pentsionisten batzarra eginen dute, 09:30etik aitzinera, Iruñeko Kondestablearen Jauregian.

Ingurumenaren zaintzan ere badela non lagundu diote pentsionistek eta bi hitzordu aipatu dituzte: Bata joan den larunbatean egin zena, Behobia-Biriatun, AHTren aurkako borrokari atxikiz,. Eta bertzea, heldu den larunbatetarako deitu dena, Erdiz Bizirik plataformak deituta, Iruñean arratsaldeko bortzetan, Antoniutti parkean. Eskualde honetan parke eolikoak jartzeko asmoak ere gogoeta eta hausnarketa sakonak egitea eskatzen du.