Baztan eta Baigorriko gazteek Izpegiko besten lehenengo edizioa antolatu dute elkarlanean. 2022ko urtarrilaren 22an Izpegiko lepo historikoan Nafarroa Garaia eta Behe Nafarroa zatitzen duen mugaren salaketa ekintzaz geroztik, ibarreko gazteek biltzeko xedea hartu zuten, Basaizearen eta Baztango Gazte Asanbladaren harremana iraunkortzeko konpromisoz.

Horrela, aurten, Basaizeak, Baztango Gazte Asanbladak zein Erratzuko gazte batzuek antolatuta, irailaren 23an Izpegiko bestak ospatuko dituzte. Egitasmo honek, astearteko aurkezpenean azaldu zuten bezala, helburu franko ditu. Azpimarragarrienak elkar ezagutza, euskararen erabileraren sustapena eta mugen haustura aldarrikatzea dira.

Proiektu honek elkar ezagutza suspertzeko balioko duela sinetsita daude, “gure artean dugun muga fisiko eta psikologiko hori hausteko”. Bestetik, antolatzaileek adierazi zutenez, “biziki sinetsiak gara besta hau euskararen erabilpenaren arnasgune gisa kontsidera daitekeela. Hain zuzen ere, honekin batera erakuts dezakegu euskarari esker elkartu gaitezkeela, Izpegin, guretzat garrantzitsua den toki historiko eta sinboliko honetan”.

Azkenik, besta hau mugan antolatzeak ez duela muga horren presentzia berresten azpimarratu nahi izan zuten, “baizik eta muga beraren haustearen xedearekin antolatzen ditugula bai seinaletikari doazkion ekintzak edota irailaren 23ko Izpegiko bestak berak ere”.

“Gora Baigorri! Gora Baztan! Gora Nafarroa eta gora Izpegiko bestak!” aldarriarekin akitu zuten aurkezpena.

Egitaraua

Irailaren 22an, ortzirala, 19.30etan, “Garaiko eta gaurko mugaz gaindiko harremanak: kontrabandatik gaurko harremanetara” hitzaldia eskainiko du Jojo Bidartek Bereko Bentan.

Larunbaterako, irailak 23, egun osoko programazioa prestatu dute. Goizean, mendi martxa abiatuko da Baigorritik Izpegira. 11.00etan, bizikleta igoera izanen da Izpegiko lepora, Baigorriko elizako plazatik abiatuta. Ordu berean, haurren jokoak izanen dira eta 12.00etan zintzur bustitzea Baigorriko eta Erratzuko gaiteroekin eta Inen da zeit txarangarekin. 13.00etan ekitaldi nagusia eginen da, eta ondorik, 14.00etan, bazkari herrikoi alaitua Inen da zeit txarangarekin. Bazkariko txartelak Basaizeako webgunean, Baigorriko Oronoz saltegian eta Erratzuko Zubi Punta ostatuan eros daitezke. Arratsaldean, 17.30tan, Elektrotxorongok giroa animatuko du eta 20.00tan Tripus-trapus batukadak. 21.00tan hiru bentek ogitartekoak eskainiko dituzte eta azkenik, gauean, 22.30etatik aitzin, Mirua, Toc eta Dj Üzkülüzen kontzertuak izanen dira.

Autobusak

Izpegira igotzeko, Elizondotik abiatu eta Erratzun geldialdia eginen duen autobusa izanen da 10.00, 12.00 eta 19.00etan. Baigorritik 11.00, 13.00 eta 20.00etan abiatuko da Izpegiruntz.

Jausteko aldiz, 19.30, 02.00 eta 05.00etan abiatuko da Baigorriruntz eta 20.30, 03.00 eta 06.00etan Elizondorat, Erratzun geldialdia eginez.