Baztandarren Biltzarra elkarteak zenbait berri plazaratu nahi izan ditu. Lehenik eta behin, aurten ere Baztandarren Biltzarra ospatuko dela adierazi dute. Uztailaren 21ean izanen da egun handia, Elizondon.

Bertzalde, 2023 urtearen balantzea ere egin dute elkarteko kideek. 2023. urtea “sentimendu aunitzeko urtea” izan zela adierazi dute. Izan ere, bestaren 60. urteurrena ospatzeaz gain, kide ohien agurra eta kide berrien sarrera ere gauzatu baitzen.

Orain, 2024 urtea ilusioz hartu dutela nabarmendu dute eta, besta nagusiaz gain, urtean zehar, hainbat ekitaldi kultural antolatzeko asmoa adierazi dute. Horretarako, herritarren babesa ezinbertzekoa dela azpimarratu dute eta baztandar guziei “elkarteko dinamiketara hurbiltzeko, eta Baztandarren Biltzarrak antolatzen dituen ekintzetan parte hartu eta laguntzeko” deia egin diete.

Urtetik urtera jende berria sartzea beharrezkoa dela aldarrikatu dute. Alde batetik, “elkarteak bizirik iraunen duela ziurtatzeko”, eta, bertzetik, “dauden kideen artean ideia berriak, gaztetasuna eta ilusioa sartzeko”.

Iazko “emozioz eta itxaropenez betetako “ 60. urteurrenaren ondotik, “aitzinat segitu” eta “bertze 60 urte betetzeko”, kide berriak sartzen joatea beharrezkotzat jo dute. Elkartea “indartsu eta gogotsu” dagoela azaldu dute, “ekintza ttikiei” esker.

Hala, gaur, goizeko 9etan martxan paratuko dira, barrakoia txukundu eta garbitzeko. Laguntzeko prest dagoen edonor hurbiltzera animatu nahi dute, elkar lagunduz errazagoa izanen baita. Behin lanak bukatzean, luntxa izanen da.

Baztandarren Biltzarra elkarteak edozein laguntza mota eskertuko duela adierazi du eta norbait gogotsu egotekotan, kideren batekin harremanetan paratzera animatzen dute, “denok izan gaitezkeelako baliozkoak, denok baikaude Baztandarren Biltzarra ospatzearen alde”.

Baztandarren Biltzarra elkartearen mezua argia da: “segi dezagun Baztanen eskuaraz barra-barra solasean eta segi dezagun Baztandarren Biltzarraz gozatzen!”.