Síguenos en redes sociales:

Urkilo energia komunitatea sortu dute Amaiurren

Elkarte honetako kide izateko eskaerak uztailaren 14a arte jasoko dituzte

Urkilo energia komunitatea sortu dute AmaiurrenOndikol

Urte hasieratik lanean aritu ondoren, ekainaren 13an Urkilo Energia Komunitatea aurkeztu zuten Amaiurren.

Baztango Udalak eta Amaiurko herriak bulkatuta, hainbat adituren laguntza jaso dute: Artelan gizarte eraldaketarako enpresa aritu da dinamizazio lanetan, Kisar taldeko ingeniariak energiaren gaietan formakuntza eskaini du eta Arankoarekin arlo juridikoa eta elkartearen konstituzioa burutu dituzte. Hala, Euskal Herriko hainbat herri eta auzotako energia komunitateak erreferentziatzat hartuta eta elkarrengandik ikasiz, Amaiurren ere erronkarekin bat egiteko apustua egin dute.

Urkilo energia komunitatearen xedea ingurumen eta gizarte onurak sortzea da, bai eta kideei eta jarduera garatzen den eremuan abantaila ekonomikoak eskaintzea ere. Izan ere, komunitate energetikoek kontsumo moduak eta ohiturak aldatzeko formakuntza eta informazio eskuragarritasuna eskaintzen dute eta horretaz gain, autokontsumo kolektiboko proiektuak martxan jartzeko tresnak dira.

Orain arte egindako lanketan proiektu posibleak mahaigaineratu dituzte: epe motzerako, autokontsumo partekaturako instalazio fotovoltaikoak; epe ertain-luzerako bertze energia berriztagarriekin proiektuak, hala nola, haizea, biomasa eta ura. Horrez gain, autoa partekatzea, kargagailu elektrikoa, ikastaro eta solasaldi-mintegiak dituzte burutan.

Sortu berri dituzten estatutuek, gainera, barne biltzen dituzte energiaren inguruko bertze hainbertze jarduera, hala nola autokontsumo kolektiboko bazkide kontsumitzaileak ordezkatzea, energia berriztagarria eta energia elektrikoa biltegiratu eta saltzea, egoera ahulean dauden familiei autokontsumoa erraztea, aprobetxamendu energetikorako inguruneko baliabide naturalen erabilera jasangarria sustatzea eta energia-eraginkortasunari eta energia berriztagarriei buruzko dibulgazioa, aholkularitza, sentsibilizazioa eta prestakuntza ematea, kontsumo-ohituretan aldaketak sustatuz.

Orain, eta uztailaren 14ra arte, bazkide gisa izena emateko epea ireki dute. Horretarako, interesa duten amaiurtarrak talde eragileko partaideekin harremanetan jar daitezke ala prestatutako galdetegia bete dezakete.

Urkilo energia komunitatea Amaiurrera mugatuko da nagusiki eta hiru bazkide mota desberdinduko dira. Alde batetik kontsumitzaileak eta erabiltzaileak egonen dira, hau da, proiektu energetikoetako parte hartzaileak. Bertzetik, proiektu energetikoetan parte hartu gabe ekarpen ekonomikoak egiten dituzten kolaboratzaileak egonen dira eta azkenik, bazkide osoak.