Josu Narbarte eta Mattin Aiestaran, Aranzadiko arkeologo eta ikerlariek, Baztan, paisaia bizi baten arkeologia liburua aurkeztu zuten atzo Elizondon. Horren harira, Aiestaranek, liburuaren inguruko xehetasunak azaldu zizkigun.
Nola sortu zen liburu hau idazteko ideia?
–Ni arkeologoa naiz eta egun batean Josu Narbarte eta bere ikerketak ezagutu nituen. Josuk Arabar Errioxako eta Gipuzkoako Ernio inguruko paisaiak arkeologikoki aztertu zituen, emaitza oso interesgarriak aurkeztuz. Hori ikusirik, Baztanen horrelako zerbait egin ote zitekeen galdetu nion eta hor hasi ginen, anbizio askorik gabe, baina gogotsu. Asko ikasi dut Josuri laguntzen eta oso eskertuta nago. Tokiko erakundeek eta bizilagunek eskaini dizkiguten harrera eta laguntza ere, ederrak izan dira.
Zein da helburua?
–Historian zehar paisaian eragindako aldaketak ikertzea izan da gure helburu nagusia.
Perspektiba arkeologikotik, ze garrantzi du Baztanek?
–Josuk lehenago egin izan dituen ikerketa guneetan paisaia ezaugarritzen duten aztarnak oso gutxi edo oso eraldatuta iritsi dira gaur egunera arte. Baztanen oraindik mantentzen dira elementu horietako asko eta zenbait kasutan mendeetan izan zuten erabilera oso antzekoa dute oraindik. Bertzalde, dokumentazioa ere bazegoen eta baita tokiko memoria ere. Azkenik, paisaian lehen sektoreak duen garrantzia lehen planora ekartzen dugu eta horrek ere interesa pizten die bertakoei.
Nolakoa izan da ikerketa prozesua?
–Paisaia bezalako ikergai zabal bat ezin da soilik arkeologia “klasikoa” bezala ezagutzen denarekin ikertu, beste diziplina batzuekin batera aplikatu behar da: geoarkeologia, etnografia, iturri idatzien ikerketa historikoa, toponimia, biologia, etab. Horretarako Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Bartzelonako Unibertsitatearekin eta Burgosko Unibertsitatearekin aritu gara lanean.
Zer aurkitu duzue Baztanen?
– Baztango paisaia isurialde atlantiarreko Gipuzkoako edo Bizkaiko beste herri batzuetakoa baino hobekiago mantendu da, zenbait kasutan erabilera konkretu batzuk oraindik edo duela oso gutxira arte iraun izan dutelako. Dena den, 70. hamarkadatik hona Baztango paisaian nabarmena da etxalde edo granja gero eta handiagoek duten pisua eta baserri txiki eta anitzen sarearen desegitea.
Zeintzuk dira ondorio - aurkikuntza harrigarrienak?
– Berezia izan da ikustea egun topatzen ditugun landa-komunitateen egonkortzea eta herri inguruen sorrera Erdi Aro hasieran gertatzen dela. Dorretxe zaharrenak XIII-XV. mendekoak dira eta ekoizpen guneen kronologiak VI. mendean kokatu dira, gertakari horren kronologiaren lekukoa mende aunitzez aitzinatuz. Bagenekien ere Erdi Aro amaieran aristokraziaren eta herritarren arteko gatazkak eman zirela landa-baliabideen jabetza eta erabilera eskubideen inguruan, dokumentazioa hor zegoelako. Espero ez genuena zen landa-baliabide horiek gaur egun ere erabilera berdintsuekin eta ongi mantenduta topatuko genituenik.
Pertsonalki, gainerako atalek ere sortu didate zirrara bat, baina maila apalagoan. Izan ere, aukera gehiago ikusten genituen Aro Modernoko labore kolonial berrien hedapena eta horrekin etorri zen intentsifikazioaren lekukoak atzemateko, edo Antzinako Erregimenaren erorketarekin herri-lurren eta borden pribatizazioaren aztarna materialak topatzeko, baina hor daude horiek ere.
Nola deskribatuko zenuke emaitza?
– Maila altuko ikerketa batetik jaio den irakurle ororendako liburua da, euskaraz, gustu estetiko handiz eta oso modu arin eta ulergarrian plazaratua.
Bukatzeko, zerbait aipatu nahiko bazenu...
– Eskerrak eman nahi dizkiegu lan honetan parte hartu dutenei, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta auzolangileei, ikerketan lagundu diguten erakundeei, Baztango Udalari, eta nola ez, Baztango nekazari eta abeltzainei.