Diputaziotik udaletxera
Agorrilaren akaberan, ez zuen itxura onik. Sos gutxiago departamentuen artean banatzeko eta, ondorioz, erdiek murrizketak egin beharra, bi arrazoi omen zirela medio: batetik, Europako diruen amaiera eta, bertzetik, gastu arau zorrotzaren itzulera. Gisa horretako hainbat mezu plazaratu ziren egun haietan Diputazioaren Jauregitik. Plazaratu ez ziren kontuen artean, bertzeak bertze, murrizketek euskararendako sosak ere joko zituztela eta, ondorioz, asmo franko asmo geldituko zirela. Dena dela, bazen itxaropen pizarrik, zeren, andere lehendakariaren gobernuari babesa ematen dioten indarretarik bik -batak, barnetik tinko, eta bertzeak, kanpotik- gaia mahai gainean paratuko baitzuten, euskararendako murrizketarik onartu gabe, irailean abiatzekoak ziren negoziazioetan. Hortaz landa, irail euritsuak gastu sabaia arindu zelako albistea ekarri zuen, gasturako tarte zabalagoa utzirik. Bada, hori dela medio eta kontuan harturik negoziazioek beren fruitua eman dutela eta, kontuan harturik, halaber, Parlamentuan zuzenketen bidez dirua emendatuko omen dela, azkenean ez dira agorril hondarreko aurreikuspen ilunak beteko eta iaz baino sos gehiago bideratuko dira euskararendako: igoera nabarmen samarra, nonbait. Horrenbertzez, ustekaberik izan ezean, geurtz, euskarazko hedabide, euskaltegi, euskara ikasle eta euskal elkarteen artean diru gehiago banatzeaz landara, lehengo asmoei eutsiko zaie eta bertzelakoak ere jarriko dira abian. Bizkitartean, negoziazioetan ere ari dira hiri honetako alkate jaunari barnetik eta kanpotik babesa ematen dioten taldeak, eta, aintzat harturik 350 metro doi daudela Diputazioko Jauregiaren eta udaletxearen artean, dela Jakobaren pasabidetik, dela Txapitelan barna, pentsatzekoa da euskararen inguruan Diputazioan erabakitakoak zuzeneko eragina izanen duela euskararendako udal sosetan.
Temas
Más en Navarra
-
E.Leclerc Pamplona celebra su VII Feria de la Cerveza y Comida Internacional con más de 100 marcas y 190 ofertas
-
Falces cierra una agenda de tres días para celebrar las fiestas de la Juventud
-
Un pincho en favor de Adacen, propuesta de 24 establecimientos para la 'escalerica' sanferminera
-
La feria de empleo ‘Ribera Talent’ se celebrará el próximo 8 de mayo en la ETI de Tudela