Ukaezina da Aezkoako ibarreko euskara galtzen ari dela, baina era berean egia da ahaleginak egiten ari direla gaur egun 50 lagunek baino gutxiagok hitz egiten duten euskalki hau bizirik mantentzeko. Bihar, ostiral honetan bertan, Bittor Aroskoak eta Edurne Vidadorrek “Aezkoako Euskara Hiztegia” aurkeztuko dute Ariben, arratsaldeko 19:00etan eta datorren asteazkenean, otsailak 19, 19:30ean, Iruñako Karrikiri elkartean errepikatuko da. “Artelanean egindako ikerlan bat izan da. Guk hartu dugu burutza koordinatzeko, baia inguruko laguntzarik gabe, ezin izan egin”, adierazi dute.

ZERIKA TALDEA

Dena 2012an hasi zen, Aezkoako euskara berpizteko ideiarekin Zerika Taldea sortu zenean, bere atzerakada kezkagarria ikusirik. “Aezkoako gazte batzuk bildu gine ikusiz zein egoera larrian zeon mintzoa eta bertako euskarak zer ezaugarri zituen biltzen hasi gine”, dio Bittorrek. Hau guztia transmititzeko asmoz, ikastaro txiki bat eman zuten eta, interesa zela egiaztatu zenez, 4 edo 5 herritan bilgioak antolatzen hasi ziren, adineko pertsonekin askari informalak, non mota guztietako istorioak kontatzen eta grabatzen ziren.

“Seguraski galduko da, baina hiztegi hau tresna gisa izanik, beharbada gazteen artean geldituko da hitzen bat”

“Adinekoek gustora hartzen zute eta sentitzen zute geben euskarak balioa hartzen zuela”, gaineratzen du. Bilera hauetan adibide asko, esapideak eta hitz berri asko biltzen urteak eman zituzten eta ondoren Iñaki Camino, Artola eta Cabodevillaren lanen eta ahotsak.eus webguneko dokumentazioarekin batera, argitalpen txiki bat egiteko ideia sortzen hasi zitzaien. “Informazio pila bat lortu genuen eta osagai guztiak genituen hiztegia martxan jartzeko”, dio Edurnek, azkenean argitalpen konplexuagoa bilakatu zela aitortuz.

TALDE-LANA

Pandemia baliatuz, 2020tik aurrera informazio guztia ordenatzen hasi ziren, grabatutako audioak transkribatzen eta etxez etxe joaten, grabazio berriak eginez eta zalantza guztiak adineko aetzekin kontrastatuz. Eta hori guztia ahaztu gabe alderdi teknikoan lagundu dieten profesionalak eta Aezkoako bizilagunak, hitzak bilatzen lagundu dutenak. “Gengo euskaldunekin pasatutako momentuak eta goenganik ikasi dugun guzia, hori da eramaten duguna. Beste bailaratan agian ez dute zorte hori izan, baina guk bai, oino bizirik daude eta”, dio Edurnek.

Orduak eta orduak auzolanean egindako lan honetan 7450 hitz lortu zituzten, 6200 adibide bildu diren herriarekin identifikatuta, 5212 hitz euskara batutik aezkerara eta beste hainbeste definizio. “Aunitzetan hemengo ele aunitz ez daude batuko partean, ez dago modurik errateko batuan Aezkoako euskaran erabiltzen diren batzuk. Bertzalde, bagenuen argitu gabeko 200 ele eta, galdetuz, azkenean bakarrik 30 bat gelditu dira argitu gabe”, aipatu dute.

Edurne Vidador eta Bittor Aroskoa. Patricia Carballo

Ipurdilaxo (beti atea zabalik uzten duena), zerrepel (edan ondoren kontent dagoena) edo arbolario (aunitz hitz egiten duena) bezalako hitz bitxiek harritu dituzte bide luze honetan. “Gehien bildu duguna familia, lanak, batez ere abeltzaintza eta nekazaritzarekin lotutako tresnak, animaliak edo etxeko trasteak dira”, argitu dute.

BALOREAN JARTZEA

517 orrialde dituen liburu hau, Aezkoako Batzarraren eta Euskarabidearen laguntzarekin argitaratu dena, bilgioen argazkiekin, esaera zaharrekin, bertsoekin, ipuinekin eta oraindik bizi diren pertsonen testigantza transkribatuekin osatzen da. “Eskerrak eman nahi diegu urteetan bilgioetan parte hartu dutenei, Zerika taldean partu hartu dutenei, hitzak argitu eta inkestak egitera joan direnei, eta alderdi linguistiko eta teknikoan aritu direnei”, esan du Edurnek.

Hiztegi bat baino gehiago, aezkera bizirik mantentzeko eta Aezkoako euskaldunen nortasun kulturala sustatzeko tresna bat da ale hau. Hala ere, argi dute garrantzitsuena praktikan jartzea dela, horregatik bilgioak berreskuratu, ikastaro bat egin eta Garraldako eskolan dinamikak burutu nahi dituzte.

“Gure esku dago Aezkoako euskara ibiltzea, eta gendik kanpo ere bai. Nahiz eta galbidean den, hemen bildu da bortuetako berezko euskara duten azkenen lekukotasuna”, diote biek. Horregatik dei egiten diete zonaldeko erakundeei, eskolako irakasleei, tokiko komunikabideei eta, oro har, herritar guztiei, euskara propio bat badela eta oraindik ere zaindu daitekeela jakin dezaten. “Aezkoako euskararen egoera biziki larria da eta hizkuntza, ez bada transmititzen, dudarik galtzen da. Bagoaz inguruko beste bailaren bidera. Seguraski galduko da, baina hiztegi hau tresna gisa izanik, beharbada hemengo gazteen artean geldituko da zerbait, hitzen bat”, amaitu dute.