Euskarak eskualdean duen egoerari buruzko ikerketa soziolinguistiko baten faltan, gaur egun Pirinioan gero eta gehiago dira euskara ikasi eta hitz egiten duten biztanleak. Egia da eskolak eta D ereduak zerikusi handia izan dutela, baina lorpen horren zati handi bat Pirinioetako AEK-ren azken 4 hamarkadako alfabetatze-lanari zor zaio.

Aurten, hain zuzen ere, 40 urte bete dira euskaltegia martxan jarri zutenetik, herritarrak euskalduntzeko helburuarekin. Orduan, inguruan gau-eskolak zeuden, baina jendartean kezka handiagoa zegoen eta jarraipena eta iraunkortasuna behar zuten. “Bazegoen saltsa. Bazen ikasle oso ideologizatua, oso motibatua euskararekin, politikoki ere motibatua eta mugitua. Oro har bazen militantea”, gogoratu du orduan irakasle izateko proposatua izan zen Josu Eseberrik.

HOTZA ETA ESKASIA

Horrela, Aezkoako AEK bezala hasi ziren dozena bat ikasle, Ariben biltzen zirenak. “Talde bakarra edo bi ziren. Eta handik aurrera zabalduz joan ginen eta hasi ginen Auzperrin eskolak ematen, Auritzen, Orbaizetan, Luzaiden eta abar”, azaltzen du Josuk. Ordurako, Agoitzen Idoia Zabalza eskolak ematen zegoen, eta 60 lagun ingururekin Pirinioetako AEK delakoa osatzen joan zen.

Gaur egungo lokalean finkatu aurretik (Garraldako Etxabarrengoa elkartea), Josuk hasierak oso prekarioak zirela gogoratzen du: Garraldako Txanpurdia etxean, eskola zaharretan, osasun-etxean, Josuren etxean eta horrelako lokaletan biltzen ziren eta materiala leku guztietara eraman behar izaten zuten. “Talde txikiak ginen eta hotz handia pasatzen genuen. Eta materialak guk sortzen genituen, ostiralero biltzen ginen eta, adibidez, elkarrizketak egiten genituen klaseak prestatzeko”, gogoratzen du. Zentro baten beharra ikusita, duela 26 urte Etxabarrengoako proiektuan sartzeko aukera sortu zitzaien: behean elkartea eta goian, euskaltegia. “Bildu ginen helburu batzuekin: euskara bultzatzea, bertako ekonomia bultzatzea eta oro har euskal kultura bultzatzea”, gehitzen du.

16 TALDE, 160 IKASLE

Ordutik, adin guztietako ehunka pertsona pasatu dira euskaltegitik. Lorpen handia da, Pirinioak bezalako eremu despopulatu batean horrelako zerbitzu bat mantentzea zaila baita.

Gaur egun, maila guztietako 160 bat ikasle daude, A1-tik C2-ra, Agoitz, Urrotz, Aezkoa, Erroibar, Esteribar, Zaraitzun eta Erronkariren artean banatuta. Jarraitasunaren gakoa, neurri batean, bere 6 irakasleen egonkortasunari zor zaio: Ana, Izaskun, Garazi, Aritz, Leire eta Nico. Gehienek 10 urte baino gehiago daramatzate, batek 36, eta bik 3 eta 5 urte, eta horrek talde egonkor bat osatzea bultzatu du.

Pirinioetako AEK-k Nafarroan C2 ikastaroa jarri zuen lehena izan zen eta, orain arte, maila honetan 40 ikasle igaro dira beren geletatik. Patricia Carballo

Azken urteetan goranzko joera nabaritzen ari direla azpimarratzen dute. Bereziki, C2 taldean, duela 4 urte ezarri zena eta 40 ikasle batu dituena. “Nafarroan lehenengo taldea izan zen”, diote irakasleek.

Izan ere, aitortzen dute azken urteetan bilakaera izan dela modulazio aukera. “Gaur egun dauzkagun ikasleak oso iaioak dira, erabiltzen dute ordenagailua jardun biko eredua (aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntzaren arteko modulua) eskaintzen dugulako. Baina badago denetarik, 16 urteetatik 80 urtera bitarte, abeltzainak, eskolako iralasleak, jubilatuak eta abar. Batzuk ongi pasatzera etortzen direnak, beste batzuk profila ateratzera”, aipatzen dute. Hori bai, “ikasle eternoak” talde bat dutela nabarmendu dute. “Bitxia da batzuek aukeratzen dutela euskara jubilazio-plan bezala. Fidelak dira eta ongi pasatzera hurbiltzen dira, euskaraz ongi pasatzera. Hori positiboa da”, adierazten dute.

Klaseez gain, euskaltegiak beste kultur jarduera batzuk antolatzen ditu beste arlo batzuetan euskararen erabilera sustatzeko. Adibidez, barnetegiak, mintzakideak, Solaskide saioa, tailer ezberdinak edo Korrika. Azken hau, bereziki, ahaleginik handiena eskatzen dien jarduera da. “Eskualde zabala da, sei irakasle eta ehun eta piko kilometro kudeatzea sekulako lana da. Eskerrak beti baditugula laguntzaileak, haiei esker ateratzen da dena”, eskertzen dute.

BETIKO ERRONKA

Bizirik irautea lortu duten arren eta Aezkoako Batzordea bezalako erakundeen laguntza izan duten arren, oraindik gauza aunitz daude Pirinioan euskararen egoera hobetzeko. Eskualdean Euskararen Legea eta zonifikazioaren eragina bortitza dela diote eta, gainera, Pirinio osoa batuko duen normalizazio-plagintzarik ez dago. Azken hau erdietsi nahian borrokan ari dira Pirinioko Mahaiaren bitartez, euskara lehenengo mailako gaia dela aldarrikatzeko. “Euskaltegitik lan aktiboa egin dugu. Ordenantzak egiteko orduan euskara teknikariekin batera egon gara, euskara batzordeetan... Instituzioetan eta kale-mailan ere bai, ez da eskolak ematera mugatu, kulturgintzan eta gizartean ere apostu aktiboa egin dugu”, diote.

Oraindik aunitz dago hobetzeko, baina arrakasta ospatzeko arrazoiak ere badaude. Hori dela eta, larunbat honetan ‘Txalainak’ taldearen kontzertu batekin ospatuko dute, Izaba herrian arratsaldeko 18etan, hain zuzen ere. “40 urte hauetan AEK-tik pasatu diren ehundaka ikasle eta dozenaka irakasleri esker, Euskal Herriko ekialdea euskaldunagoa da, lehen baino”, bukatzen dute Pirinioetako AEK-koek.